Batetik, N634 errepidetik igarotzerakoan jabetuko zineten; amaitzear dituzte Egurtzegi pareko autobus geltoki berriko lanak. Egunotan, eremu horretan egingo dituzten zenbait lanen ondorioz, gauez errei bat itxiko dute zonalde horretan. Pasa den igande gau honetan itxi dute lehenbiziko aldiz; gauza bera egingo dute astelehen eta astearte gau honetan, uztailaren 22an eta 23an hurrenez hurren, Usurbilgo Udaletik iragarri dutenez.
"N634 errepidean, Kalezarko autobus geltoki berrien parean, pintatze- eta seinaleztatze-lanak egingo ditu, Matiak, igande gauetik aurrera: errei bat itxiko dute, baina bestea irekita izango da, eta trafikoa ez da etengo", ohartarazi dute udaletik. Errei horren itxiera ordutegia ere zehaztu dute; uztailaren 21etik 23ra, hiru gau horietan, 22:00-06:00 artean hain zuzen.
Haur eskolako aldapa
Bestalde, Txirikorda eta haur eskola dituen aldapako berrikuntza lanetan ari dira egunotan. "Txirikordako zebra bidetik hasi eta ermitarainoko zatia berrituko da", zehaztu du Udalak. Hobekuntza lan hauei buruzko xehetasun gehiago ere eskaini ditu Udalak. "Eregi Herri Lan eta Zerbitzuak SL enpresari esleitu zaizkio lanak, 176.300 euro inguruan (BEZ barne)". Egitasmo honi begira, "Udalak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren 80.000 euroko dirulaguntza jaso du".
Lan hauek "oinezkoen zein bizikleten bideak txukunagoak" izatea ahalbidetuko dute. Horrez gain, "zorua konpontzeaz gain, azpiegiturak berrituko dira: batetik, euri urak eta ur zikinak bananduko dira, eta, bestetik, argiteria ere berrituko da".
Trafikoa motelago
Lan hauek beranduenez irailaren 25a baino lehen amaitu beharko dituzte. Halere, "oinezkoen eremua lehenago irekitzea espero da".
Lanek iraun artean, ibilgailuen joan etorrian eragina izango dute. "Ibilgailuek bertatik pasatzeko aukera izango dute, abiadura motelagoan bada ere. Oinezkoei gehiago eragingo die, Ugartondotik desbideratuko baitituzte, behin-behinean".