Ekaineko elkarretaratzearen ondotik, azken ostiraletako hurrengo mobilizazioa ez da Mikel Laboa plazan izango ezta ostiralez ere, euskal kostaldean baizik, hondartzetan, eta igandean. Urtero moduan, Etxerat-ek elkarretaratzeak deitu ditu abuztuko lehen iganderako, hilaren 4rako; Usurbildik gertuen, Orion eta Donostian. Aurten, estreinakoz, Sarerekin batera iragarri ditu mobilizazio hauek, "elkarlanean guztion ardura baita euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesua gauzatzeko lanean jardutea".
Honenbestez, abuztuaren 4an, eguerdiko 12:00etan Hego Euskal Herriko sei hondartzetan iragarri dituzte elkarretaratzeak aipatu bi eragileok, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiruna hondartzetan. Gipuzkoari dagokionean Mutrikun, eta aipatu moduan, baita Usurbilek mugakide dituen bi udalerrietan; Orion eta Donostian. "6 hondartza, 6 aldarrikapen gune, kantauri itsasoko kostalde zabalean luzatuko dugu gatazkaren konponbideari behingoz ateak ixteko euskal gizarteak duen beharra. Kosta ala kosta lortuko dugu, kosta ala kosta lortu behar dugu".
Hitzorduotarako joateko deia egin dute. "Gazte, heldu eta adindu guztion ekarpena beharrezko izango zaigu datorren abuztuaren 4an. Beraz, hartu bainujantzi, surf tabla, flotagailu, piragua, traineru eta banderolak eta bete ditzagun aldarriz Hego Euskal Herriko 6 hondartza hauek. Abuztuaren 4an Bakio, Laida, Lekeitio, Mutriku, Orio eta Donostiako hondartzetan ikusiko dugu elkar!".