Herri bizitza opor giroan murgildu ohi den urteko hilabetean sartu berri gara. Abuztuan halere ez dira etengo kultur hitzorduak. Bereziki, ospakizunei lotutakoak izango ditugu hurrengo asteotan. Hasteko, bart Zubietako festak agurtu berritan, jaien lekukoa Urdaiagak hartuko du berehala, asteburu honetan, abuztuaren 2an hasi eta hilaren 4ra arte iragarri dituzten ekimenekin; herriko taldeak parte hartzaileen artean izango dituzten kontzertu gauak, haurrei zuzendutako eguna, San Esteban eguneko ospakizunak, txapelketak, herri kirolak edota auzotarrak batzeko hitzorduak iragarri dituzte antolatzaileek auzoko plazan.
Urtero moduan, hilabetea hasi bezala amaituko dugu; Atxegaldera hedatuko den festa giroarekin. Abuztuaren 23tik 25era bertan jai izango izango dute baita haurrei zuzenduriko jolasekin, txapelketekin, kontzertu gauarekin, kantu afariarekin edota bertso musikatuen saioarekin.
Bi auzootako festen egitarauak web orrialde honetako "Agenda" atalean dituzue osorik.
Bisita gidatuak
Ospakizun egunoz gain, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren baitan antolaturiko bisita gidatuen eskaintzaz gozatzen segitzeko aukera izango dute herrikideek nahiz gure artera datozenek. Gogoan izan, uda hasieran eskaintza zabaltzea erabaki zutela sustatzaileek. Hala, azken hilabeteotan herriko kaleetan dugun kultur sorkuntza sakonago ezagutzea ahalbidetzen duten Museo Irekia bisita gidatuez gain, herri honetan abian diren hainbat proiektu eraldatzaile gertutik ezagutzen segitzeko aukera izango dugu; zaintza nahiz hondakinen kudeaketa eredua, besteak beste. Herri honek duen ondarea oinarri gisa hartuta ere bisitak iragarri dira Salbatore elizan. Andatzan ere bi ibilbide osa ditzakegu noiznahi; 1936ko gerrak utzitako arrastoak ezagutzeko oroimenaren bidea egin dezakegu edota baita errotarrien bidea ere. Dena, mendi bidean aurkituko ditugun panel eta QR kodeen laguntzaz.
Abuztuari dagokionean, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoko sustatzaileek bi hitzordu iragarri dituzte; batetik, hilaren 17rako Salbatore elizako ondarea ezagutzeko bisita gidatua. Sei egun lehenago, Museo Irekia bisita gidatua abuztuaren 11n; oraingoan, arratsaldez, segidan elizan iragarri den kontzertuaren osagarri. Hitzorduotarako izena 650usurbilbizi.eus atarian eman dezakezue.
Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertua
Aurten ere, abuztuaren 1etik 30era ospatuko den 85. Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertuetako bat Usurbilen egingo da. Organoaren Zikloaren izenekoa antolatzen dute. Bertan, musika instrumentu horren emanaldiak Gipuzkoako txoko ezberdinetan; tartean, Usurbilgo elizan. Aurtengoa, hilaren 11n egingo da; Susanne Kujala (organoa) eta Veli Kujalaren (akordeoia) emanaldiaz gozatu ahalko da, Usurbilgo Udalak lagundutakoa izango den hitzorduan. "Franck, V. Kujala, Pohjola eta Piazzolla-ren lanak" eskainiko dituzte, antolatzaileek aurreratu dutenez. Sarrera doakoa izango da.
Egunez eguneko ekitaldi hauen guztien berri zehatzago web orrialde honetako "Agenda" atalean jaso dezakezue.
NOAUA!-rik ez
Gogoan izan, abuztu osoan ez dugula aldizkaririk argitaratuko. Uztailaren 19an plazaraturiko 1000. zenbakiaren ondotik, 1001. NOAUA! irailaren 6an banatuko dugu etxez etxe. Ordurako oharrik baldin baduzue, irailaren 2a baino lehen helarazi ohiko bideotatik; erredakzioa@noaua.eus helbidera edo NOAUA! Kultur Elkarteko ateko postontzian utzi. Oporrak tarteko, bestalde, hilabete honetan, Urdaiagako festak amaitu eta Atxegaldekoak hasi artean, ez dugu web orrialde hau eguneratuko.