Abuztuaren 11n

Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertuetako bat Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2024ko abu. 6a, 08:40

Donostiako 85. Musika Hamabostaldiko kontzertuetako bat Usurbilen programatu dute urtero moduan abuztuaren 11n.

Urtero garai honetan egiten duten moduan, abuztuaren 1etik 30era egingo den Donostiako Musika Hamabostaldiko hitzorduetako bat Usurbilen iragarri dute. Izan ere, urtero "Organo Zikloa" antolatzen dute eta ziklo hau hiriburutik kanpora hedatzen da. Gipuzkoako hiriburuko hainbat txokoetan kontzertuak eskaintzen dituzte, baita handik kanpo ere; aurten, Ataunen, Deban, Azpeitian, Tolosan, eta hutsik egiten ez duen Usurbilen iragarri dituzte emanaldiak.

Udalerri honetakoa, abuztuaren 11n izango da, arratsaldeko 20:00etan Salbatore elizan. Jaio zeneko ehungarren urtemuga bete duen Nestor Basterretxea sortzailea omenduko duen emanaldiko sarrera doakoa izango da. Susanne Kujala (organoa) eta Veli Kujalaren (akordeoia) emanaldiaz gozatu ahalko da, Usurbilgo Udalak lagundutakoa izango den hitzorduan. "Franck, V. Kujala, Pohjola eta Piazzolla-ren lanak" eskainiko dituzte, antolatzaileek aurreratu dutenez. 

Donostiako Musika Hamabostaldiak 70 hitzordutik gora izango ditu. Sarrera behar duten ekitaldietarako salerosketarako epealdia zabalik da. Usurbilgo saioa, ordea, aipatu moduan, doakoa izango da. 

Zikloen zikloa
Organoari eskainitako zikoaz gain, "Antzinako Musika eta Ganberako Musika, biak San Telmo Museoan; Organoa, Musika Garaikidea, Interprete Gazteak, Musika Aitzaki ziklo ibiltaria, Haurren Hamabostaldia eta Tabakalera Dantzan", iragarri dute.

"Donostiako 85. Musika Hamabostaldiak publiko guztientzako musika eta dantza hiriko areto, kultur gune eta beste lekuetara eramateko konpromisoa berrargitaratuko du, baita Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Lapurdiko beste herri batzuetara ere", antolatzaileen esanetan. 

Musika Hamabostaldiko egitarau osoa eta xehetasun gehiago, quincenamusical.eus atarian kontsulta ditzakezue.