Erregimen bereziko eremua sortzeko Gipuzkoako Foru Aldundiari zuzenduriko eskaerarekin bat egin du baita Usurbilgo Udalak ere. Eskaera hau bideratzeko hainbat udalen arteko hitzarmenari aho bateko babesa eman zion udalbatzak uztailaren 24an egindako osoko bilkuran; Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Errenteria eta Donostia, udalerri hauetako guztietako udalen arteko akordioari hain zuzen. Beterri Buruntza, Oarsoaldea nahiz Gipuzkoako hiriburuaren arteko hitzarmen honen xedea, Gipuzkoako Foru Aldundiari erregimen bereziko eremu bat sortzea eskatzea da, "bidaiariak turismo-ibilgailuetan garraiatzeko zerbitzuak emateko".
Hau da, taxi zerbitzua hobetzea litzateke asmoa. Jakina da, inguruotan taxi zerbitzuak duen lizentzia kopuruak ez diola erantzuten egun dagoen beharrari. "Azkenaldian, udalek, auto-taxien lizentzien titularrek eta gizarte-eragileek gabeziak antzeman dituzte zerbitzuan. Zerbitzua ez da nahikoa egun eta ordutegi jakin batzuetan, arazoak handiagoak edo txikiagoak izanik udalerrien arabera".
Horren aurrean, bi aukera mahai gaineratu ziren; sektoreak nahi ez zuen lizentzia gehiago eskuratzeko aukera zabaltzea edota hitzarmen honen bidez sustatu nahi dutena, hitzarmen honekin bat egin duten udalerrietako taxi zerbitzuak baliatzea inguruotako zerbitzua bera hobetzeko eta "eremu horretan ematen den zerbitzua harmonizatze aldera".
Jarduera eremua zabaltzeko aukera
Akordio honekin bat egingo duten udalek, hau da, Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremu berriak "ahalmena emango die Udaletako auto-taxien lizentzien titularrei garraio-zerbitzuak eskaintzeko Donostia, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, Lezo, Pasaia, Oiartzun eta Errenteriako udalerrien barruan, bai eta udalerri horien artean ere, aintzat harturik hitzarmen honen zazpigarren akordioaren arabera onartutako egutegia".
Izan ere, egutegia edota aplikatu beharreko tarifak zehazten ditu akordioak. Jarraipen Batzorde bat sortzea ere aurreikusten du.
Urtebeteko probaldia
Hitzarmenarekin bat egingo duten udalek "konpromisoa hartzen dute Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremuko kide izateko, gutxienez urte natural oso batean eremua martxan jartzen denetik, auto-taxien garraioan izan dezakeen hobekuntza ebaluatu ahal izateko".
Lau urteko epealdia izango du hitzarmen honek, beste lau urtez luzatu ahalko dena, baina urtebeteko probaldia hasteko. Hitzarmen hau bozkatu aurretik, uztailaren 24ko osoko bilkuran udal gobernu taldetik ohartarazi zutenez, "tartea dugu egokitzapenik beharko den ikusteko. Hitzarmen honetatik irteteko aukera" ere hor egongo dela gaineratu zuten.
Gai honen lanketarekin hilabeteak daramatzatela berri eman zuen udal gobernu taldeak oporraldi aurreko osoko bilkura hartan.