Txokoaldeko Altzonazko zubiaren konponketa lanak gauzatzeko urrats berri bat eman zuen udalbatzak, iragan uztailaren 24ko osoko bilkuran. Izan ere, obra horiei begira, "Usurbilgo udalerrian Txokoaldeko Altzonaz zubia legeztatzeko eta birgaitzeko itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzeko emakidaren baldintza orokorren plegua (PCG) zein baldintza partikularren eta preskripzioen plegua (PCPP)" onartu zituen aho batez.
Pauso hau Usurbilgo Udalak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) sinatua duten hitzarmenaren testuinguruan kokatu beharra dago. Hain zuzen, akordio hau "Aginagako tunelaren obrak Txokoaldeko auzoan izango dituen eraginak murrizteko neurriak hartzeko" erdietsi zuten.
Berreraikitako zubia
1953an izandako uholdeek Txokoaldeko orduko zubia hondatu ostean, konpondu eta handitu zuten. Horixe da egungo zubia. "Zubi berria, Oria ibai gaineko zatian lau harri-habek eusten dute, eta Aginagako partean erriberaren gaineko zatian beste hiruk. Berreraikitze lanak egin zirenean zubia erribera gainean luzatu zen ur goraldietan zubia oztopo izan ez zedin", Usurbilgo Udalaren hitzetan.
Lehenago gertatu moduan, gerora ere sendotzen joandako zubia izan da Txokoaldekoa. Orain, birgaitu eta handitu egingo dute. Hauxe da hain zuzen, trenbidea bikoizteko eta tunel berria eraikitzeko lanen eraginpean izango diren txokoaldetarren eta Usurbilgo Udalaren eskakizunetako bat ETS-ri egin ziotena bere garaian. Jada Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak ontzat eman duen proiektu hau ontzeko hainbat proposamen aurkeztu zituzten bizilagunek eta udalak 2022. urte amaieran.
Ekarpen guztiei baiezkorik ez
Eskakizunetako bat hain zuzen, zubia bera konpontzea izan zen. Eskabide honi bide emango diote. "Igarobidea 60 urte baino gehiago dituzten harlangaitzezko zutabeek eta lauza motako hormigoizko habeek osatzen dute. Hartutako soluzioa egungo taularen zeharkako sekzioa handitzean oinarrituko da, trenbideak 3,80 metroko zabalera izan dezan, eta espaloiak 2 metrokoa, galtzadaren eta oinezkoentzako gunearen arteko elementu bereizleekin", azaldu zuten ETS-tik.
Proiektu hau ontzeko eskaera gehiago ere eginak zituzten Udalak eta Txokoaldeko bizilagunek, bi helbururekin hain zuzen; obrek ingurumenean eta txokoaldetarren egunerokoan izango duten eragina gutxitzeko. Aurkezturiko alegazioak honako hauek izan ziren: Txokoaldeko sarrera-irteerak hobetzea, Oria zeharkatzen duen Altzonazko zubia konpontzea, tren pasabidea ezabatzea, obrarako bide alternatiboa eta etorkizunerako bidegorria eraikitzea, Txokoaldeko tren geltokia berreskuratzea eta lan guztiok izango duten eragina murriztea galdegin zuten. Ekarpenok aintzat hartzea eskatu zioten Eusko Trenbide Sareari.
Trenbide pasagunea ezabatzeari kentzeari dagokionean, horretarako aukera teknikoak aztertzeko konpromisoa zehaztua dago hitzarmen horretan. Urtebeteko epean, "trenbidea beste maila batean gurutzatu ahal izateko" aukerak aztertzeko Udalak eta ETS-k lan-batzorde teknikoa eratuko dutela gaineratu zuen.
Udal gobernu taldearentzat, halere, ez dira aski konpromisook. ETS-k aintzakotzat hartzea lortu ez duten eskaeren artean da, Txokoaldeko tren geltokia berreskuratzea. "Azken unera arte borrokatu dugu. Gaurkoz, ordea, tamalez, ez diote bide eman", Usurbilgo alkateak otsailaren 29ko osoko bilkuran berri eman zuenez.
ETS-tik arrazoiak aipatu zizkietela adierazi zuen alkateak; erabiltzaileak, trenbidea berritu beharra eta tren zerbitzuen maiztasuna indartzeko geltokia berreskuratzeak ekar dezakeen denbora galera. Horren aurrean, alternatibak proposatu zizkietela adierazi zuen alkateak: tren zerbitzu guztiak Txokoalden ez geratzea, "premia handieneko orduetan" baizik; denbora galerarik ez izateko, zenbait uneetan trena Usurbilen geratu ordez, Txokoalden geratzea; edota Usurbilgo geltokia eta Txokoalde zein Aginaga aldea lotuko dituen autobus zerbitzua ezartzea ordu zehatzetan.
Eskaera hauei ezezkoa emateaz gain, udal gobernu taldetik osoko bilkuran azaldu zutenez, hitzarmena ez sinatzeko arriskuan izan zirenez, geltokia berreskuratzeko eskaera bertan ez jasotzea adostu zuten, baina ohartarazi dutenez, "eskaera hori bultzatzen jarraituko" dute.
Bi minutuko aurrezpena
BEZa kontuan izanda, 38.991.268,41 euroko inbertsioa egingo dute Txokoaldetik hurbil, trenbidea bikoiztu eta tunel berri bat eraikitzen. Lanoko 40 hilabeteko epean egin beharko ditu horretaz arduratuko den enpresak.
"Proiektuaren xede den zatia Bilbao-Donostia lineako Zarautz-Usurbil tarteko zati bat da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren helburua trazadura-saihesbide bat bilatzea da, zerbitzuaren Zarautzerainoko maiztasunak hobetzeko, Usurbil eta Zarautz arteko tartearen bidaia-denborak, mantentze-kostuak eta istripu-tasa murrizteko eta, azken batean, trenbide bitarteko garraio jasangarria indartzeko", diote Eusko Jaurlaritzatik.
Egitasmo honekin, "Oria Itsasadarra ES2120010 KBEaren eremuan dagoen mendia inguratu beharra saihestu nahi da, Usurbil eta Orio arteko egungo trenbide bakarreko tartean bidaia-denborak nabarmen murrizteko. Gaur egun ibilbide hori egiteko 9 minutu behar dira, eta 7 minututik behera murriztu nahi da. Horrela, ustiapena 15 minutuz behingo maiztasunarekin eskaini ahal izango da Zarautzeraino, eta bidaiarientzako erosotasun- eta segurtasun-baldintza hobeak izango ditu, azpiegituran eta mantentze-lanetan ahalik eta eragin gutxien sortuz eta denborak ahalik eta gehien murriztuz".
Euskotrenek duela ia hilabete jakinarazi zuen moduan, "lizitaziorako lanak, funtsean, 1.329 metroko luzerako trenbide bikoitzeko meategi-tunel bat eraikitzean oinarrituko dira. Bi muturretan tunel faltsuko egiturak proiektatu dira, obra ingurunean integratzeko. Bilbo aldean 24 metroko luzera izango duen soluzioa diseinatu da, eta beste aldean, Donostiakoan, 30 metro izango ditu. Tunelak 371 metro luzeko larrialdietarako galeria bat ere izango du".
Lan hauen eraginez, Euskotrenetik ziurtatu dutenez, "trenbidearen trazadura berriak 1.500 metro inguru murriztuko du ibilbidea, eta 2 minutu murriztuko du Aia-Orio eta Usurbil geltokien arteko bidaiarako denbora. Tunel osoan trenbidea bikoiztuko denez, bidaiarien eta salgaien unitateak gurutzatu ahal izango dira. Baldintza horiekin, trenbidearen zerbitzu-ahalmena handitu egingo da, eta, beraz, gaur egun 30 minuturo zirkulatzen duten ibilgailuek 15 minuturo zirkulatu ahal izango dute".