Alerta laranjan gaur, ia 40 graduko tenperaturagatik

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 30a, 10:34

36 gradu ere izan ditzakegu gaur arratsaldean. Alerta laranjan izango gara egun osoz.

Udako orain arteko egunik beroenak bizitzen ari gara. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak indarrean dituen kolore ezberdinetako ohartarazpenek geure inguruan gaurkoan izango dute eraginik nabarmenena. Izan ere, alerta laranjan igaroko dugu astearte hau, uztailaren 30a, tenperatura altu iraunkorragatik. 36 gradu izan ditzakegu arratsaldean. Horrez gain, "muturreko tenperatura oso altuak" tarteko, abisu horian izango gara astearte honetan 13:00-19:00 artean. "Ez da baztertzen zaparrada trumoitsuak egitea eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izatea; horrela balitz, tenperatura jaisten lagunduko luke", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Horrez gain, egun osoz abisu horian izango gara baita, baso sute arriskuagatik. "Baso-sute arriskua nahiko altua da, tenperatura altuagatik eta hezetasun erlatibo baxuagatik", jakinarazi du Euskalmet-ek.

Giro honetan, gaurkoan, denetarik espero da geure inguruan. "Hauts-gandua ager daiteke. Zerua hodeitsu egongo da eta erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira; arratsalde-gauean bero-hodeiak garatuko dira. Baliteke noizbehinka zaparrada trumoitsuak botatzea, bereziki goizaldean. Hego/hego-ekialdeko haizea ahul-bizi ibiliko da; goizean ipar-osagaira aldatuko da. Gauean ipar-mendebaldetik finkatuko da. Tenperatura maximoak igoko dira, batez ere mendebaldean", berri eman du aipatu meteorologia agentziak.

Freskatzerantz
Biharkoa izango da, uztailaren 31koa, aurreikuspenen arabera, udako lehen bero bolada honetako azken eguna. Geure inguru hurbilean, halere, ez du eragin handirik izango. Gehienez jota 27 gradu izango ditugula aurreikusi dute adituek. Baso sute arriskuari lotutako abisu horiak baino ez du segiko indarrean asteazken arratsaldeko 18:00ak arte. Gaur bezala, bihar ere, "hauts-gandua ager daiteke. Goizean lanbroa eta lainoa agertuko dira. Eguzkitsu egongo da. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ahul-bizi ibiliko da eta arratsaldean ipar-osagaia nagusituko da. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira. Tenperatura maximoak asko jaitsiko dira".

Ostegunean aldaketa. "Zerua hodeitsu egongo da, tarte oso hodeitsuekin egunaren bigarren partean. Egunaren bigarren partean euri txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da; egunaren bigarren partean ipar-mendebaldekoa nagusituko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura minimoak nahikoa jaitsiko dira. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Gomendioak
Halakoetan egin ohi duen moduan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak hainbat gomendio plazaratu ditu:

  • Ondo hidratatu! Ura eta likidoak maiz edan.
  • Jan elikagai arinak: entsaladak, gazpatxoa, barazkiak eta frutak.
  • Jantzi lasaiak, arinak eta transpiragarriak erabili.
  • Saihestu kalera irtetea eta jarduera fisiko bizia egitea bero gehien egiten duen orduetan.
  • Ateratzen bazara, burua estalita eraman eta bilatu itzala.
  • Mantendu etxea fresko, jaitsi pertsianak eta itxi leihoak bero egiten duen orduetan.
  • Bero handia sentitzen baduzu, freskatu gorputza, aurpegia eta eskuak ur freskoarekin.
  • Eduki zure botikak leku fresko batean.
  • Arreta berezia eskaini haurtxoei, adingabeei, adinekoei, haurdun dauden emakumeei, bularreko haurrei eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei.
  • Bisitatu adinekoak, batez ere bakarrik bizi badira.
  • Ez utzi inoiz pertsona edo animalia bat aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean, nahiz eta itzalpean egon.
  • Ordubete baino gehiago luzatzen diren eta beroarekin zerikusia duten sintomen aurrean, bilatu osasun-arreta eta egon leku fresko batean.
  • Norbait konorterik gabe badago eta oka egiten badu, burua zeharkatu eta aire-bideak libre eduki.
  • Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.