Herriko zerbitzuei lotutako erabakirik ere hartu zuen udalbatzak oporraldi aurreko azken osoko bilkuran. Izan ere, Oiardo kiroldegiari lotutako lizitazio bikoitza abiarazteari onespena eman zioten aho batez; batetik, kirol jarduera fisikoa kontratatzeko esleipenari baita ur sorospen zerbitzuaren kontratazioari ere. Kontratua ere udalbatzak esleitu beharko du bozketa bidez.
"Usurbilgo jarduera fisiko eta kirol sailaren misioa da Usurbilgo herrigune zein auzoetako herritar guztiei, dena dela euren adin, sexu, erlijio, jatorri, etab., eskainiko zaien jarduera fisiko zen kirol instalazio anitz, berritzaile eta irisgarrien bidez, herritarren ohitura osasuntsuak, ongizatea, zaintza eta gizarte integrazioa sustatu eta erraztea, pertsona inaktiboetan eraginez bereziki eta tokiko kirol eragileak babestuz", Udalaren esanetan.
Horretarako, "herriko kirol zerbitzu nagusi eta garrantzitsuena da Oiardo udal kiroldegiko begirale eta sorosleena. Kiroldegian igerilekuetako salbamendu eta sorosletza zerbitzua lege eta segurtasun eskakizuna da, batetik; eta bestalde, ikastaro eskaintza ahalik eta zabal, aberats, berritzaile eta berdinzalea eskaini nahi du Udalak, horien bidez usurbildarren bizi estiloa aktiboago egin, herritarren ongizatea eta parte hartzea bultzatu, eta integraziorako erraminta gisa baliatuz gizarte onurak bilatzeko. Partaidetzazko kirolean jarri nahi da indarra, finean".
%40ko garestitzea
Kontratazio honen iraupena gehienez bost urtekoa izango da, hiru urtekoa gehi beste bi urtez luzagarria, guztira ia bi milioi eurokoa, baldin eta kontratazio hau bost urtera helduko balitz. Kopuru horregatik hain zuzen, kontratazio deialdi hau Europara zabalduko du Udalak. "Lizitazioa udaleko kontratatzaile profilean eta Europar Batsuneko Aldizkari Ofizialean argitaratzea", onartu zuen udalbatzak aho batez hain zuzen.
Kopuru horretan islatua dago hain zuzen, zerbitzuan izan den %40ko garestitze handia. Garestitze horren arrazoietako bat sektoreak iaz berritutako lan hitzarmenean eguneraturiko prezioak dira, langileek soldatak hamar urtez izoztuak izan ostean.
Oiardo kiroldegia udan
Uztailean eta abuztuan udako ordutegia izango du indarrean ohi bezala Oiardo Kiroldegiak; aurten, ordea, berrikuntza nabarmen batekin, iazkoaren alderatuz gero. Izan ere, urtarrilaz geroztik gertatzen ari den moduan, igerilekuak eguerdietan zabalik segiko du baita udako hilabeteetan:
Lanegunak: 07:00-20:15 (igerilekua 20:00).
Larunbat, igande eta jai egunak: 09:00-13:00 (igerilekua 12:45).
Bestalde, aurten Oiardo kiroldegia ez da osoki itxiko. Igerilekua itxiko dute uztailaren 30eko eguerdiko 12:00etatik abuztuaren 18ra arte.
Informazio gehiagorako:
943 37 24 98
kirola@usurbil.eus
bpxport.es
Facebook: @oiardokiroldegia
Twitter: @oiardokiroldegi