Osoko bilkura

%2ko igoera udal langileen soldatetan

Noaua Aldizkaria 2024ko abu. 2a, 08:22

Udal langileen soldatak hobetzea ere onartu zuen aho batez udalbatzak iragan uztailaren 24ko osoko bilkuran.

Zehazkiago esanda, %2ko igoera. Administrazio publikoko langileen soldaten gorabeherak Espainiako Aurrekontuen Legeak zehazten ditu eta aurtengorako %2ko igoera aurreikusi zuten. Euskadiko Udalen Elkarteak ere (EUDEL) ere ehuneko bera aplikatzea aholkatu du.

Proposamen hauxe eraman zuen udal gobernu taldeak, azkeneko osoko bilkurara eta aho bateko onespena eman zioten. "Ordainsari-igoera horrek 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorio ekonomikoak", ohartarazi zuten.

Beste %0,5eko igoera
Urte amaierarako, bestalde, ez dute baztertzen %0,5eko igoera eranstea, azken urteotan egin duten moduan. "2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, ehuneko 0,5eko ordainsari-igoera gehigarria eta finkagarria aplikatuko da, hala badagokio, 2023ko abenduaren 31n indarrean dauden ordainsarien aldean, baldin eta 2022., 2023. eta 2024. urteetako KPI harmonizatuaren aldaketaren baturak 2022., 2023. eta 2024. urteetako ordainsari-igoera finko metatua gainditzen badu".

Baina "6.2 artikuluan araututako % 0,5eko ordainsari-igoera gehigarri eta finkagarriari dagokionez, 2024ko KPI harmonizatuaren datuak Estatistikako Institutu Nazionalean (INE) argitaratu arte zain egon beharko da, eta geroago onartuko da igoera horren aplikazioa, Ministroen Kontseiluaren Akordioaren bidez".