Motorzale bat hil da istripuz

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 31a, 18:00

53 urteko motorzale bat hil da asteazken eguerdi honetan N634 errepidean.

Beste behin, ezbehar larria N634 errepidean. 53 urteko motorzale bat hil da asteazken eguerdi honetan Usurbilen. Istripua motorraren eta auto baten arteko talkaren ondorioz gertatu da, 12:30ak aldera. Ertzaintzak jakinarazi duenez, oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik, aipatu talka gertatu da bi ibilgailuon artean eta horren ondorioz, "N-634 errepidea itxi egin dute ibilgailuentzat".

Ezbeharraren berri izan bezain laster joan dira larrialdi zerbitzuetakoak istripua gertatu den tokiraino, baina ez dute ezer egiterik izan. "Gertakariaren berri izan bezain laster, larrialdi-zerbitzuak, Ertzaintzako patruilak eta osasun-taldea bertaratu dira, eta, beharrezko laguntza eman ondoren, haren heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin".

Istripu hau dela eta itxi egin behar izan dute N634 errepidea. "Gorpua jaso eta tartean dauden ibilgailuak eraman arte" ez dute berriz ireki.