Irailaren 7an

Lehen Iñurri Eguna Usurbilen ospatuko da

Noaua Aldizkaria 2024ko abu. 21a, 11:49

Estreinakoz irailaren 7an Usurbilen egingo duten lehen Iñurri Egunerako tailer, hitzaldi eta kontzertuak iragarri dituzte. Lerrootan dituzue xehetasunak.

"Minbizia lehen pertsonan bizi duzuen edo bizi izan duzuen pertsonak, eta minbizian oso modu zuzenean lagundu/laguntzen duzuenak. Fasea edozein izanik ere: frogak egiten ari naiz, nire amari lagundu nion bere minbiziaren prozesuan, eta abar", haiek guztiek osatzen dute iñurrien tribua.

Espazio seguru eta taburik gabekoa eskaintzen dute. "Bizipenak partekatzea eta ulertua eta lagundua sentitzea. Hizkuntza berbera hitz egitea. Zu zeu izateko eta sentitzeko aukera. Emozio askeak, barrea, negarra, haserrea… Ahalduntze indibiduala eta kolektiboa".

Izan ere, "tribuaren parte izan zaitezke edo laguntza modu indibidualizatuan jasotzen jarraitu. Ahalik eta pertsonalizatuena izan dadin, espazio berezituak ere sortzen ditugu gaixotasunaren egoeraren nahiz bakoitzaren testuinguruaren arabera (pertsona gazteak, metastasia, etab.)".

Hortik aurrera, "bazkaltzeko geratzen gara edo plan desberdinak egiteko, erretiroak eta tailerrak antolatzen ditugu, minbiziari buruzko informazio interesgarria zabaltzen dugu, gure kanpainetako nahiz ekintza kulturaletako protagonista bilakatzen zaituztegu… Egia esan, gaixotasunaren kaka guztia ahaztera ere irits gaitezke une batzuetan. Minbiziarekin ere, bizirik gaudelako!".

Interesa duenak izaninurri.eus atarian jasoko du informazio gehiago eta bertan baita elkartearekin hartuemanetan jartzeko dituen bideen berri. "Bidali e-mail bat, deitu eta jakin ez duzula zure historia kontatu beharrik. Bakoitzaren denborak eta intimitatea errespetatzen ditugu. Zuk erabakiko duzu zenbateraino hartu nahi duzun parte, guk berdin gonbidatuko zaitugu egiten dugun guztira".



Iñurri Eguna Usurbilen


Irailak 7, larunbata
9:30-11:30 Yoga eta gosaria Usurbilgo frontoian.
Zehaztasunak: Hasteko, yoga saioa Olatz Berasategiren eskutik. "Olatz naiz, Ama Yoga proiektuaren sortzailea eta bertako irakaslea. Ordu eta erdiko yoga saio honetan, arnasketarekin eta arretarekin lan egingo degu, lasaitasun eta konzentrazio jarrera batetik abiatuta. Saioaren helburua norbere buruarekiko zaintza izango da, bere muga fisiko zein mentalak besarkatuz".
Bukatzerakoan, "Ore Ama, Txalaka eta Tolosa jatetxeak prestatutako gosariaz gozatzeko aukera izango dugu".
Prezioa: 18 euro.
Plaza kopurua: gehienez 30 lagun.

11:30-13:30 Serigrafia tailerra Potxoeneko sotoan. "Iñurri egunerako diseinatutako lamina bat serigrafiatuko dugu Beñat Iraolaren laguntzaz". 
Zehaztasunak: "Serigrafia eta esku lana uztartuz gaur egun bere ogibide diren bi proiektu garatu ditu Beñatek, Zatzaizkit eta Arrugado Studio. 0tik hasi eta estanpazio teknika bere kasa ikasi ondoren, orain sormena, prozesu kreatiboa eta produktu ezberdinen estanpazioa garatzen ditu egunerokotasunean. Tailer honetan serigrafiaren nondik norakoak azaldu, eta egun honetarako zehazki sortutako ilustrazio baten estanpazioa burutuko du parte hartzaile bakoitzak Beñaten laguntzaz. Estanpazioa paperean egingo da eta parte hartzaile bakoitzak lamina etxera eraman ahal izango du".
Prezioa: 16 euro.
Plaza kopurua: gehienez 15 lagun.

11:30-13:00 Belarritako pertsonalizatuak sortzeko tailerra Ebonyren laguntzarekin Potxoeneko proiektore gelan.
Zehaztasunak: " Ebony naiz, Tai Day Studio proiektuaren atzean dagoena. Tailer honetan buztin polimerikoz egindako bi belarritako pare egiteko aukera izango dugu. Kolore eta forma aniztasuna erabiliz, bakoitzak bere pieza esklusiboak sortuz".
Prezioa: 22 euro.
Aforoa: gehienez 12 lagun.

Hitzaldiak: 
-Heriotza eta dolua.
-Zoru pelbikoa eta sexualitatea.
-Feminismoa.

14:00 Bazkaria Usurbilgo frontoian.
Menua:
Pasta entsalada + albondigak + gazta tarta.
*Menu beganoa eskatzeko aukera egongo da.
*Ogia, sagardoa eta ura.
Prezioa: 18 euro.
Aforoa: 300 lagun.

17:00 Olatz Mercaderren monologoa (Aitziber Garmendiaren gidaritzapean) Usurbilgo frontoian.

17:30 Kontzertuak Usurbilgo frontoian:
17:30 Elektropottotte.
18:00 Idoia Asurmendi.
19:00 Eñaut Elorrieta.
20:00 Rukula.
Prezioa: 12 euro. 

Sarrerak salgai eta informazio gehiago, izaninurri.eus/inurri_eguna_2024/ atarian jaso ahalko duzue.