120 neurrikoa zen udal gobernu taldearen 2023-27 urte arteari dagokion Legealdiko Plana. Tarte horretako lehen urtea igarota, "28 neurri bete (%23) eta beste 38 martxan jarri (%31)" dituela berri eman dute. “Legealdiari ilusioz, gogoz eta indarrez ekiteko prest ginela esan genuen; lan eginez itzuliko genuela hauteskundeetan jasotako babes guztia. Eta horretan ari gara, nabarmen dute udal gobernu taldetik.
“Herri bizigarriagoa, zaintzaileagoa, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko” proposamenak dira Legealdiko Planeko 120 neurriak, “Usurbiltzen jarraitzeko” helburuz finkatuak. Lehen urte honetan martxan jarritako neurriok nabarmendu ditu udal gobernu taldeak:
- Misioen baitako gobernantza eredua osatzeko prozesua martxan da.
- Trantsizio ekosozialaren herri misioa adosteko parte-hartze prozesua egin da, misioak lortzeko proiektu eraldatzaileak zehaztearekin batera.
- Energiaren bulegoa ireki eta efizientzia energetikoan urratsak egiten ari dira.
- 650 Usurbil Bizi proiektua garatzen ari dira, besteak beste, Zumetaren 50. urteurreneko egitarauarekin.
- Herriko ura ahalik eta etxe gehienetara iristeko lanak egin dira.
- Elkargunearen proiektua definitzeko parte-hartzea abiatu da.
- Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa zabaldu da, eta zaintza ereduaren eraldaketan urrats kualitatiboak egiten ari dira, zaintza plan pertsonalizatuak eskaintzeko.
- Ikasgela zabaldu dute, azterketa garaietarako.
- Etorri berrien edota egoera zaurgarrian egon daitezkeen herrikideen integrazio komunitarioa sustatzeko mentoretza sozialerako HarEman egitasmoa martxan jarri da.
- Pelaioenea ireki dute: Kalezarreko auzo ekipamendua eta Emakumeen Etxea.
- Udal haur eskolaren eredua zehaztu, lizitazio berria burutu, eta eraikina berritzeko prozesua martxan da.
- Usurbil tentsio handiko eremu izendatzeko prozesua abiatu da.
- Kiroldegiko ordutegia zabaldu dute.
- Mugiment sarearekin bat eginda, herritarrek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kiroldegiak erabiltzeko aukera dute.
- Ibaiertzeko eremua zabaldu eta oinezko loturak hobetu dituzte Zumartegin.
- Aginagan: Elutx bidea egin, haur parkea berritu eta Eliza Zaharreko konponketak bideratzen ari dira. Aginaga Biziberritzen sustapen taldearekin mahai iraunkorra osatu dute.
- Etxealdiko irisgarritasun plana gauzatzeko, San Esteban kalea oinezkotu eta Etxealdia eta Kale Nagusia lotuko dituen igogailuarekin lanean hasi dira.
- N634ko autobus geltoki berriak eta Egurtzegi eta Kalezar lotuko dituen igogailuaren obrak amaitu dituzte.