Lan-poltsa deialdi berri bat iragarri du Usurbilgo Udalak, aste hasiera honetako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez, xede honekin; "oposaketa irekiaren bidez, Udal honetako operario laguntzaileen lan-poltsa berria osatzea hutsune ezberdinak bitarteko funtzionarioz hornitzeko. Lan-poltsari lotutako lanpostuei Administrazio Bereziko Eskala, Zerbitzu Berezien Azpieskala, C2 Sailkapen Taldea dagozkio". Deialdia eta haren oinarriak kaleratu ditu Udalak.
Lanpostu horretako zeregina udal elektrikariari laguntzea izango da, besteak beste, zereginotan: udal instalazio elektrikoen mantenuan edota udalak behar dituen azpiegitura elektrikoen prestakuntzan.
Galdetegia eta proba praktikoa
Deialdian parte hartzeko epea astearte honetatik, abuztuaren 6tik zabalik izango da, "10 eguneko balioduneko epearen barruan". Hautagaiek, besteak beste 16 urte beteak izan beharko dituzte, B gidabaimena edota 1. hizkuntz eskakizunari dagozkion euskara-ezagupenak frogatzen dituen agiria baita.
"Instantziak aurkezteko epea amaituta, Alkate-Lehendakariak onartuen eta kanporatuen behin-behineko zerrendak onartuko ditu. Usurbilgo udaleko webgunean argitaratuko dira. Udalak 3 egun balioduneko epea emango du erreklamazioak egiteko", ohartarazi dute Usurbilgo Udaletik. Ildo beretik, "behin-behineko zerrendarekin batera azterketa egiteko eguna, ordua eta tokia emango da argitara, baita epaimahaia osatuko duten titularren eta ordezkoen izendapena ere, Udaleko iragarki taulan erakutsiaz eta udal web orrian (www.usurbil.eus) argitaratuaz".
Azterketari dagokionez, "galdetegia eta proba praktikoa izango ditu eta epaimahaiaren esku geratzen da dena egun berdinean egin edo ez". Guztira 50 puntu eskuratu ahalko dira, gutxienez, beraz, 25. Haietatik 15 puntu galdetegiaren bidez lortu ahalko dira, gainerako 35 puntuak proba praktikoaren bidez.