M. E., horiek dira lezoar mendizalearen inizialak. Donostiarra zen jaiotzez baina Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan Usurbilera etorri zen familiarekin batera. Unibertsitatera joateko garai horren bueltan, Lezora joan zen amarekin batera, eta han bizi bazen ere, maiz etortzen zen Usurbilera. Usurbilgo bere lagunek erronkazale, metodiko eta langile bezala definitu dute.
Hileta non eta noiz egingo den ez dago argi
Hileta ekitaldia noiz egingo den ez dago argi. Zein beilatokira ekarriko dituzten ere ezin jakin oraindik. Etxeratu arteko bidea ez da arina izango. Hala esan digu Victor Gonzalez Usurbilgo beilatokiko arduradunak. "Autopsiak egin behar zaizkie, familiek errekonozimendua egin behar dute, gorpuak enbalsamatu... Egun batzuetako kontua izan daiteke", telefonoz adierazi digunez.
Erreakzioak
Joana Mendiburu Oiartzungo alkateak mezu hau zabaldu zuen atzo X sare sozialean: "Oso hunkituta eta bihotza uzkur gaude Alpeetatik jaso berri dugun albiste tristeagatik. Gobernu talde osoaren izenean gure doluminik sentituena adierazi nahi diet oiartzuar gaztearen sendiari eta hurbileko lagunei. Bi mendizale gipuzkoar hil dira".
Mikel Arruti Salaberria Lezoko alkateak ere sare berean hitz batzuk idatzi zituen atzoko ezbeharraren inguruan: "Albiste lazgarria Mont Blanc ingurutik Lezora iritsi zaiguna. Eskualdeko bi mendizale gazte hil dira, horietako bat herrikidea. Doluminik sentikorrenak bi gazteen senide eta lagunei. Lurrak goxo har ditzala".
Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak txio hau idatzi zuen atzo: "Albiste mingarria jaso dugu gaur Usurbilen. Hunkidura, tristura eta mina eragin du 27 urteko gaztearen heriotzak. Dolumin sentikorrena etxekoei eta lagunei!".