Egunotako giro eguzkitsua zeharo aldatuko da hurrengo orduotan. Izan ere, ekaitz giroa izango dugu hurrengo egunotan. Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, prezipitazio handiagatik abisu horian izango gara ostegun goizeko 8:00etatik aurrera egun osoz. "Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu, bereziki goizean eta arratsalde-gau partean. Orduan, zenbait lekutan handiak izan daitezke eta txingorra (2-3 cm) egin dezake, bereziki ekialdean", nabarmendu du aipatu meteorologia agentziak.
Momentuz, asteazken hau, abuztuaren 28a trantsizio eguna izango da Usurbilen. "Zerua tarteka hodeitsu egongo da eta egunaren amaieran zaparradaren bat bota lezake. Mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldean ipar-mendebaldekoa nagusi. Tenperatura maximoak nahikoa jaitsiko dira".
Bihar, hilak 29, "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Egunaren lehen partean, baliteke noizbehinka zaparrada txikiak botatzea; bigarrenean zaparrada ertainak botako ditu eta zenbait lekutan trumoitsuak izan daitezke. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira eta maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".
Ostiralean, "zerua hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, baliteke zenbait tokitan trumoitsuak izatea. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, tarte biziekin; goizean ipar-osagaitik finkatuko da. Tenperaturan, aldaketarik ez".
Informazio eguneratua euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.