Usurbilek mugakide duen Donostia Euskal Jaietan murgilduko da gaurtik irailaren 8ra arte. Besteetan baino harreman estuagoa izango dute ospakizunok, ordea, udalerri honekin. Izan ere, Gipuzkoako hiriburuko aurtengo jaien kartela Joseba Larratxerena da; "Erromeria digitala" izenekoa. "Iraileko jaien ikuspegi eguneratua proposatzen du", antolatzaileen esanetan. "Kartel honek gure gizartearen bilakaera islatzen du, eta horrekin batera gure jaiena, XX. mende hasierako euskal margolariek landa-eremuari aitortzen zioten dotorezia jasoz, betiere irudia XXI. mendean kokatzen duten ñabardura batzuk gehituz: mutilen tatuajea eta neskaren piercing-a, dena pantaila ukigarriarekin eta arkatz digitalarekin marraztua baina adimen artifizialera jo gabe".
Euskal Jaiok eta, tartean, kartela bera aurkezteko Donostiako Udalak aste hasiera honetan eginiko agerraldian, egileak berak zioenez, zer irudikatu pentsatzerakoan, "iruditu zitzaidan Euskal Herriko Euskal Jai guztiek badaukatela iruditeria bat, erreferentzia egiten diotena garai bateko baserri giroko irudi bukoliko bati. Ez nion irudi horri muzin egin nahi inolaz ere. Kontua da, nola irudikatu irudi bukoliko hori".
XX. mende hasierako margolarien iruditerira jo zuen. "Iruditzen zitzaidan onartzen ziotela baserri giroko euskalduntasun horri halako berezko elegantzia oso interesgarri bat". Koadro haietan inspiratu da Donostiako Euskal Jaien kartela diseinatzeko, "baina XXI mendean gaudela keinu bat egiteko jarri dizkiet bi protagonistei, bati piercing bat sudurrean eta besteari tatuaia txiki bat belarri gainean. Gainera, erabili dudan teknika izan da erabat digitala, margolan digital bat da, inteligentzia artifizialik erabili gabe eta horrek kokatzen du baita ere XXI. mendean margolan hau", azaldu zuen Larratxek. Albiste honi atxikitako Donostiako Udalaren bideoan dituzue bere adierazpenak.
Lotura gehiago
Ez da izango kartela, Donostiako Euskal Jaiek Usurbilekin izango duten lotura bakarra. Izan ere, 60 ekitaldiko egitarau zabalean, besteak beste, irailaren 1ean eta 8an jokoan izango den Kontxako Bandera programatu baitute, egunotako sailkapen probekin batera. Herrikideak lehian ikusi ahalko ditugu hitzordu horretan.
Irailaren 6an, Tio Teronen semeak taldeak "Haurreskolari" ikuskizuna eskainiko du Donostiako Alde Zaharreko Plaza Berrian, arratsaldean 20:00etan hasita. Taldeko kidea da Aitor Agirre usurbildarra. Inguruotako sagardoa ere dastagai izango da biharamunean, irailaren 7an, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen eskutik, 11:00-13:45 plaza berean ospatuko den Sagardo Egunean.
Larunbat horretan, gainera, Gaztelu Eguna ospatuko dute, aurreko urteen antzera. Besteak beste, Zubietako akten irakurketa programatu dute Alde Zaharreko plaza nagusian, Plaza Berrian, 20:30etan.
Hemen duzue Donostiako Euskal Jaien egitarau osoa: Donostiako Euskal Jaiak 2024