Herri ordezkaritzarik ez da izango Kontxako Bandera etxeratzeko lehian

Noaua Aldizkaria 2024ko abu. 29a, 08:11

Kontxako Bandera eskuratzeko lehian ez da herri ordezkaritzarik izango datozen bi igandeotan.

Bi ziren Donostiako 129. Bandera etxeratzeko lehiara sailka zitezkeen herrikideak. Baina datorren irailaren 1ean eta 8an Kontxako Bandera eskuratzeko hiriburuko uretan arraunean aritzeko txartelik ez dute eskuratu.

Asteazken arratsalde honetan jokatu da, hitzordu entzutetsu honetarako lehenengo sailkapen proba, gizonezkoena. 23 traineru lehiatu dira, haietatik zazpik baino ez zuten sailkapen txartela eskuratzeko aukera. Honako taldeok sailkatu dira, hurrenkera honetan: Zierbena, Urdaibai, Orio, Cabo, Getaria, Hondarribia eta Kaiku. Beti, berez sailkatua egoten den Donostiarrarekin batera lehiatuko dira datozen bi igandeotan Kontxako badian.

Lehiakideen artean herri ordezkaritza izan da bertan. Asteazken honetako, hilaren 28ko probari dagokionean, hiru ez, bi ziren Kontxako badian arraunean aritzekoak ziren herritarrak; Zarauzko ontzian Iker Etxabe eta Ondarroarekin Iñaki Errasti. Ez dute sailkatzea lortu.

Ostegun honetan, arratsaldeko 18:00etan hasita, emakumezkoen txanda. Gaurkoan 20 ontzi lehiatuko dira eta haietatik zazpi sailkatuko dira, Donostiarrarekin batera lehiatzeko irailaren 1ean eta 8an. Bertaratu ezin duenak Euskal Telebista bidez jarraitu ahalko ditu proba hauek zuzenean. Gaurkoan ez da herritarrik lehiatuko Donostiako uretan.

Ontziok parte hartuko dute hitzordu horretan: Astillero, Cabo, Cesantes, Chapela, Castropol, Deustu, Donostia Arraun Lagunak, Hernani, Hibaika, Hondarribia, Kaiku, Ondarroa, Orio, Rianxo, Perillo, San Juan, Tiran, Tolosaldea, Zarautz, Zumaia.

Estropada egunak
Gogoan izan, datozen bi igandeotan, irailaren 1ean eta 8an jokatuko dira Kontxako estropadak. Emakumezkoen lehiari lotutako bi jardunaldiak goizeko 11:00etan hasiko dira; ordubete geroago, 12:00etan gizonezkoen probak.