Ekaitz giroa gaur, abisu horipean joango zaigu eguna

Noaua Aldizkaria 2024ko abu. 29a, 07:57

Prezipitazio handiagatik abisu horipean izango gara egun osoz.

Ekaitz giroa nagusituko da gaurkoan, hala dio behintzat Euskalmet meteorologia agentziak eginiko iragarpenak. Abisu horipean egongo gara egun osoz prezipitazio handiagatik. "Zaparrada etainak eta trumoitsuak botako ditu, bereziki goizean eta arratsalde-gau partean, orduan zenbait lekutan handiak izan daitezke eta txingorra (2-3 cm) egin dezake, bereziki ekialdean", ohartarazi du aipatu meteorologia agentziak. 

Bihar ere, abisu horipea izango gara berriz, ostiral arratsaldeko 15:00etan hasi eta gauerdira arte. Tarte horretan, "zaparrada ertain eta trumoitsuak botako ditu. Zenbait lekutan zaparradak handiak izan daitezke eta txingorra egin dezake (2 cm)", ohartarazi du Euskalmet-ek.

Giro honekin, gaur Usurbilen, "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, bereziki goizean eta arratsalde-gauean, orduan handiak izan daitezke eta txingorra egin dezake. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da; ekaitz-eremuetan haize-bolada gogorrak izan daitezke. Tenperatura maximoek berdin jarraituko dute edo gutxi jaitsiko dira".

Bihar, "zerua hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, baliteke zenbait tokitan trumoitsuak izatea. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, tarte biziekin; arratsaldean ipar-ekialdetik finkatuko da, ahul-bizi. Tenperaturan, aldaketarik ez edo maximoak gutxi igoko dira".

Larunbatean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu. Baliteke trumoi-ekaitzak botatzea. Ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da; gauean ipar-mendebaldera aldatuko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura minimoetan, aldaketarik ez. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jakinarazi dezakezue.