Gorazarre egiteko tartea hartu dute urtero moduan, baba beltz txikia omentzen duen kofradiak. Lau hamarkadatik gora, abuztuko azken ostegunetako ohitura berritu dute gaurkoan Saizar sagardotegian. Aipatu jaki hau protagonista nagusi izan duten otorduaren bueltan bildu dira. Segidan, kofradekide berri bat izendatu dute, 2025ean omenduko dutena iragartzearekin batera.
Kofradia honen nortasuna azpimarratzen duen ereserkia abestu dute, bazkalostean eginiko ekitaldi horretan. Argi zioten kofradiatik, "baba txiki famatua omentzea" du helburu bilgune honek, lagun arte giro ederrean. Izan ere, "zenbat gose kendu zuen" jaki horrek beste hainbatekin batera, bazkaltiar gehienen haurtzaroan. "Hauxe zen gure elikadura", oroitarazi dute gaurkoan.
Baba beltz txikiari gorazarre egiteko sortu zuten gaurkoan ere abestu duten ereserkia. Segidan duzue letra. Albiste honi atxikia duzue doinua eta abestu duten unea iruditan, baita amaieran kofradiako kideek atera duten talde argazkia ere.
BABA BELTX TXIKIA
Gora baba beltx txikia,
andazpetarron gloria, bai!
Txiki izanarren, nor da gaur hemen
zu bezain handia?
Gora ditzagun zure dohainak:
koloria, armonia eta "tirrit eta tarrat"
zuk sortzen duzun sinfonia.
A zer nolako jakia
babatxo beltx txikia!
Platerkada bat, platerkada bi
bata bestearen atzetik,
atera hitzak, atera, Felix,
atera babak eltzetik!