Baba beltz txikiaren eguna

"Gora Baba Txikiaren Eguna!"

Noaua Aldizkaria 2024ko abu. 29a, 19:06

Koldo Lizaso izendatu du aurtengoan kofradekide, baba beltz txikiari gorazarre egiten dion bilguneak.

Baba beltz txikiari gorazarre egiteko bildu da gaur Usurbilen duela lau hamarkadatik gora sortu zuten kofradia. Ordutik urtero elkartzen da, azken aldian, gaur bezala, Saizar sagardotegian. Baba beltz txikia jaki izarra duen otorduaren ostean, gainera, kofradekide berri bat izendatu dute urteroko ohiturari jarraituz; aurtengoan, Koldo Lizasori egin diote harrera.

Erritu ezaguna berritu dute gaurkoan; txapela eta kapa beltza jantzi eta laiaren laguntzaz egin diote lekua eta harrera txalo artean kofradekide berriari. Unea, hitz batzuk egiteko baliatu nahi izan du usurbildarrak.

Oroimena eta eskertza
Hasteko, falta direnez oroitu nahi izan du. "Lehenbizi, gogoan ditugula hemen gurekin biltzen zirenak baba txikia jatera, gure oroimenean ditugula, ez ditugula inoiz ahaztuko nahiz eta fisikoki hemen gurekin ez egon".

Urtez urte, ospakizun honen bueltan sortzen den giroari eusteko deia ere egin du. "Gaur ere otordu ederra egin dugu lagunarte ederrean. Apetitu ederra dugu eta umorea ere bai. Horri eutsi behar diogu".

Amaitzeko, eskerrak helarazi nahi izan dizkie gaurko hitzordua ahalbideratu dutenei; batetik, "antolatzaileei, baba txikiaren kofradiakoei eta Saizarkoei, haiei esker Baba Txiki Eguna aurrera ateratzen delako eta denok gozatzen dugulako. Beraz, gora Baba Txiki Eguna eta ondo pasa!".