Ohi baino tren zerbitzu gehiago igandean Kontxako estropadetara

Noaua Aldizkaria 2024ko abu. 31a, 09:32

Tren zerbitzuen eskaintza indartuko du urtero moduan EuskoTrenek iraileko lehenengo bi igandeetan.

Garraio zerbitzu publikoak baliatzeko deia datozen bi igandeotan. Izan ere, Donostian jendetza biltzen duten estropadak ospatuko dira irailaren 1ean eta 8an Donostian. Kontxako Bandera etxeratzeko lehia bizia izango da bertan. Hitzordu hau hurbiletik bizitzeko tren zerbitzuen eskaintza indartuko du EuskoTrenek urtero moduan. Igande goizetan orduero izaten da tren zerbitzua 8:24an hasita Usurbildik Donostiarantz; baita, beraz, 9:24an, 10:24an, 11:24an... Ohiko zerbitzu horiez gain, orduon bueltan ere tren zerbitzua izango da udalerri honetatik Gipuzkoako hiribururantz datozen bi igandeotan: 9:34an, 9:53an, 10:34an, 10:53an, 11:34an.

"Trenetan hobeto banatu ahal izateko, Euskotrenek erabiltzaileei gomendatzen die ordutegiak aldez aurretik kontsulta ditzatela APP ofizialean eta euskotren.eus webgunearen bilatzailean", ohartarazi dute Euskotrenetik.

Gogoan izan, ekainaren 24tik indarrean du Euskotrenek udako ordutegia irailera arte. Urtero moduan, Usurbil zeharkatzen duen zerbitzua indartu egin dute udako asteburu eta jaiegunetan. Urtean zehar, 60 minuturo izaten da tren zerbitzua, uda parte honetan 30 minuturo eskainiko da zerbitzu hau, larunbat, igande eta jaiegunetan; Usurbildik Oriorantz 14:04-21:04 artean eta 15:24-22:54 artean Donostiarantz.

Informazio gehiago:
euskotren.eus
944 333 333

Herri ordezkaritzarik ez Kontxan
Urte askoren ostean, lehenbiziko aldiz, ez da herritarrik lehiatuko datozen bi igandeotan Donostian jokatuko diren estropadetan. Bi ziren asteazkeneko gizonezkoen sailkapen proban irailaren 1ean eta 8an Kontxako badian lehiatzeko aukera eskura zezaketenak; Ondarroako ontzian Iñaki Errastik eta Zarauzkoan Iker Etxabek. Ez zuten, ordea, sailkatzerik izan.

Honako hauek dira Kontxako Bandera etxeratzeko lehiatuko diren ontziak. Atzo jokatutako emakumezkoen saioan sailkatzea lortu zuten Arraun Lagunak, Tolosaldea, Astillero, Chapela, Hibaika, Kaiku eta Orioko ontziek. Bezperan, gizonezkoenean, Zierbena, Urdaibai, Orio, Cabo, Getaria, Hondarribia eta Kaiku taldeak sailkatu ziren. Beti, berez sailkatua egoten den Donostiarrarekin batera lehiatuko dira datozen bi igandeotan Kontxako badian bai emakumezkoak zein gizonezkoak. Emakumezkoen probak izango dira goiztiarrenak, 11:00etan hasiko dira. Ordubete geroago, 12:00etan, gizonezkoenak.