Ekaitz giroa izango dugu gaur ere arratsalde eta iluntze partean. Hala dio behintzat, Euskalmet meteorologia agentziak ostiral honetarako, abuztuaren 30erako eginiko iragarpenak. "Zaparrada ertain eta trumoitsuak botako ditu. Zenbait lekutan zaparradak handiak izan daitezke eta txingorra egin dezake (2 cm)", ohartarazi du. Ondorioz, prezipitazio handiagatik abisu horia izango da indarrean ostiral arratsaldeko 15:00etan hasi eta gauerdira arte gutxienez.
Egoera bera izango dugu baita, larunbatean, hilaren 31n. Abisu horia berriz indarrean jarriko dute ordu tarte berean, prezipitazio handiagatik. "Zenbait lekutan zaparradak handiak izan daitezke eta txingorra egin dezake (2 cm)", ohartarazi du Euskalmet-ek.
Astebururako iragarpena
Giro honekin, gaur, abuztuak 30, Usurbilen, "zerua hodeitsu egongo da, bereziki arratsaldetik aurrera. Euri txikia egin dezake noizbehinka eta zaparrada trumoitsuak bota ditzake, bereziki egunaren bigarren zatian, orduan zenbait tokitan handiak izan daitezke eta txingorra egin dezake. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, tarte biziekin; arratsaldean ipar-osagaitik finkatuko da, ahul-bizi. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira".
Larunbatean ere ekaitz arriskua izango da. "Zerua tarteka hodeitsu egongo da. Euri txikia egingo du noizbehinka, eta zaparradak botako ditu, baliteke zenbait tokitan ertainak eta trumoitsuak izatea, bereziki egunaren bigarren zatian. Ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da; gauean ipar-mendebaldera aldatuko da, bolada gogor batzuekin. Tenperaturan, aldaketarik ez".
Igandean, "zerua hodeitsu egongo da, behe-hodeiekin. Noizbehinka euri txikia egingo du. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, eta maximoak nahikoa jaitsiko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso dezakezue.