Kalezarko sarbideetako bat itxiko dute gaur asfaltatze lanak egiteko

Noaua Aldizkaria 2024ko abu. 30a, 10:32

Asfaltatze lanak tarteko, ostiral arratsaldeko 14:30etatik aurrera itxita egongo da zenbait orduz Txirikorda eta haur eskola arteko bide zatia.

Adi, Puntapax ingurua Kalezarrekin lotzen duen aldaparekin. Izan ere, Txirikorda paretik hasi eta haur eskolarainoko bide zatia itxi egingo dute ostiral honetan, abuztuaren 30ean, Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez. 14:30ak aldera itxiko dute eta hortik aurrera zenbait orduz ezingo da bertatik igaro, "ez ibilgailuz ezta oinez ere", Udaletik zehaztu dutenez. Asfaltatze lanak egingo dituzte tarte horretan. "Arduradunen esanetan, lanak bizpahiru ordutan amaitzea espero dute", aurreikusi dute Usurbilgo Udaletik.

Honenbestez, ostiral bazkaloste eta arratsalde partean, bide alternatiboak baliatu beharko dira Usurbil aldera nahiz Kalezar aldera jotzeko. Kaxkorantz jaisteko Pikaolatik Ugartondora eta handik Txirikorda paretik Puntapax alderako bidea zabalik izango da. Herri erdigunetik Kalezar aldera igotzeko, aldiz, bi bide izango dituzue aukeran; N634 errepidetik irten eta Troia aldetik nahiz Oxtape ondoko Belmonte kaletik igo ahalko da. 

Asfaltatze lanak bideratuko dituzte ostiral honetan, hilaren 30ean. Arratsaldez egingo dituzte. Izan ere, Udaletik jakinarazi dutenez, "ostiral goizean egin nahi zituzten lanak, baina euria iragarri dutenez, ordu batzuk atzeratzea erabaki dute". Lan hauen ostean, hurrengo astean emango dute eremu hau berritzeko hurrengo urratsa; margoketa lanak egingo dituzte, "eguraldi lehorragoarekin".

Txukuntze lanak
Uztaila erdialdean hasi zituzten aldapa hau berritzeko lanok. "Txirikordako zebra bidetik hasi eta ermitarainoko zatia berrituko da", zehaztu zuen orduan Udalak. Hobekuntza lan hauei buruzko xehetasun gehiago ere eskaini zituen. "Eregi Herri Lan eta Zerbitzuak SL enpresari esleitu zaizkio lanak, 176.300 euro inguruan (BEZ barne)". Egitasmo honi begira, "Udalak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren 80.000 euroko dirulaguntza jaso du".

Lan hauek "oinezkoen zein bizikleten bideak txukunagoak" izatea ahalbidetuko dute. Horrez gain, "zorua konpontzeaz gain, azpiegiturak berrituko dira: batetik, euri urak eta ur zikinak bananduko dira, eta, bestetik, argiteria ere berrituko da".

Lan hauek, beranduenez, irailaren 25a baino lehen amaitu beharko dituzte. Halere, "oinezkoen eremua lehenago irekitzea espero da".

Lanek iraun artean, ibilgailuen joan etorrian eragina izango dute. "Ibilgailuek bertatik pasatzeko aukera izango dute, abiadura motelagoan bada ere. Oinezkoei gehiago eragingo die, Ugartondotik desbideratuko baitituzte, behin-behinean".