Gogoan izan, irailaren 8an Euskal Herriko gazte antolakundeak mobilizazioa deitu du Donostian, "Bat eginez independentziara" aldarripean. Hara joateko deia egin zuen Usurbilgo Ernaik ekaina amaieran Olanoeneko plazan eginiko agerraldian. Bertan salatu zutenez, "133 militante isundu eta izugarrizko zama ekonomikoa" jarri dute antolakundearen gainean. "Identifikatutako kide guzti-guztiak zigortu gaituzte eta ez edonolaz gainera". Horregatik ziotenez, "honen aurrean erantzun irmo bat ematea dagokigu".
Donostiako manifestaziora joateko deia egin du Ernaik. "Ernairen kontrako operazio honen aurrean, gazte borroka geldiezina dela aldarrikatuko dugu irailaren 8an Donostian. Isunen eta oztopoen gainetik independentziaren aldarria egiten jarraituko dugu".
Antolatzeagatik jazarriak
Usurbilen eginiko agerraldian herri mailako militanteek gogorarazi zutenez, "militantzia independentista betidanik izan da jazarria Euskal Herrian, batzuk aurkakoa sinestarazi nahi badigute ere kolpatuak, bestelako herri batekin amets egiteagatik eta horren alde borrokan egiteko egunero-egunero herri eta auzoetan antolatzeagatik".
Horregatik, iragarri zutenez, "hau guztia ozen aldarrikatzera joango gara Usurbilgo gazteok irailaren 8an" Donostiako manifestaziora. Oroitarazi zutenez, "jasotzen dugun kolpe bakoitza bide zuzenetik goazelaren erakusle da". Horregatik, Gipuzkoako hiriburuan "bat egingo dugu Euskal Herri osoko hainbat eta hainbat kiderekin, hain zuzen, bidea eta borroka partekatzen dugun horiekin. Asko gara, baina are gehiago izango gara eta bat eginez soilik eramango dugu herri hau independentziara. Gora euskal gazteria eta gora Ernai".
Ernairen deialdiak
Abuztuak 31, larunbata
Margoketa eta herri apainketa:
10:00 Mikel Laboa plazan kedada.
10:30 Mural margoketa.
Jarraian, luntx independentista Aitzagan.
Irailak 8, igandea
13:30 Mobilizazioa Donostiako Bulebarretik: "Bat eginez independentziara".
Deitzailea: Ernai.