Abisu eta alerta maila gogortu dute azken orduotan. Izatez, azken egunotan bezala, gaurko ere ekaitzagatik abisu horian egongo ginela iragarria zuen Euskalmet meteorologia agentziak. Azken orduotan, ordea, alerta laranjan ezarri dute larunbat arratsalde eta gaur parte honetarako. Abuztuko azken egun honetan, alerta laranjan egongo gara ekaitz arriskuagatik arratsaldeko 17:00etan hasi eta gaueko 22:00ak arte.
"Ordubetean 30 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertain-handiak eta trumoitsuak botako ditu eta txingorra bota dezake (2-3 cm); zenbait tokitan zaparraden intentsitatea oso handia izan daiteke (ordubetean 30 l/m² baino gehiago). Ekaitz-guneetan haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan litezke (60-100 km/h ingurukoak)", ohartarazi du Euskalmet-ek.
"Zaparrada trumoitsuak botako ditu"
Alerta egoera honen testuinguruan, beraz, datozen orduotan, Usurbilen, "egunaren bigarren zatian zaparrada trumoitsuak botako ditu; baliteke zenbait tokitan handiak izatea eta txingorra egitea. Goizean hego-ekialdeko haize ahul-bizia nagusituko da eta eguerditik aurrera ipar/ipar-ekialdera aldatuko da, ahul. Ekaitz-eremuetan bolada gogorrak izan daitezke. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Igandean barealdia. "Zerua tarteka hodeitsu egongo da. Goizaldean eta egunaren bigarren zatian zaparradaren bat bota dezake. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, tarte biziekin; mendebal-osagaikoa nagusituko da. Arratsaldean ipar-osagaitik finkatu eta ahul-bizi ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, eta maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira", Euskalmet-en arabera.
Datorren astera begira, ez da guztiz desagertuko ekaitz giroa. Euripean igaroko dugu astearen zati handiena. Astelehenean, irailaren 2an, "zerua tarteka hodeitsu egongo da eta arratsaldean oso hodeitsu geratuko da. Euria eta zaparrada txikiak egingo ditu, noizbehinka ertainak bereziki egunaren bigarren zatian; orduan trumoitsuak izan litezke. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; arratsaldean ipar-osagaitik finkatuko da tarte biziekin eta bolada gogorren batekin arratsaldetik aurrera. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez eta maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus atariaren bidez jaso ahalko duzue.