Uda parteko jaiak iruditan

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 3a, 09:39

Zubietako, Urdaiagako eta Atxegaldeko festek emandakoa iruditan bildu dugu web orrialde honetako "Bereziak" atalean.

Kalezarren eta Usurbilen lehenbizi, gerora txoko gehiagotara hedatu da uda honetan festa giroa. Uztaila amaieran, Zubieta astebetez murgildu zituzten herri festek. Uztailaren 24tik 31ra luzaturiko "Aste Nagusi" hartan, bertakoak nahiz bisitariak biltzeko hamaika hitzordu izan zituzten, denetariko otordu, kontzertu edota txapelketen bueltan. Oilasko biltzaileak, jaki eta edari ezberdinen dastaketa saioek, kontzertu eta gaupasek, haurrei zuzenduriko ekintzek edota kirol hitzorduek osatu zituzten eragile ezberdinek lankidetzan jositako ospakizunen egitarau zabala.

Egunbeteko atsedenaldiaren ondotik Urdaiagaren txanda izan zen abuztu hasieran. Haurren Egunarekin ekin zieten ospakizunei, dantzan, jan-edan oparoarekin edota helduen arteko jolasekin joan zitzaien San Esteban Eguna. Amaitzeko, txapelketen arratsaldea antolatu zuten azken egunean; herritarren arteko desafioa lehenik, patata tortilla onena sukaldatzeko lehia segidan.

Jaki artean amaitu zituzten Xanistebanak eta modu beretsuan eman zieten ongi etorria abuztu amaeran Atxegaldeko jaiei. Izan ere, abuztuaren 23an jaurtitako txupinazoarekin luntx ederra dastatzeko aukera izan zuten bertan, eguna colpbol txapelketarekin hasi eta Hamarru txarangakoak bidelagun zituztela festa giroa herri erdiguneraino hedatu ostean.

Haurren Eguneko ekitaldiek, auzokideak batu zituen afari musikatuak, toka nahiz mus txapelketek edota bertso musikatuen saioak egin zuten gainerakoa, kontzertu gauekin batera, iragan hilabete amaieran.

Zubieta, Urdaiaga eta Atxegaldeko festak igarota, ospakizun hauen guztien irudi bilduma osatu dugu. Sarean duzue ikusgai, atari honetan bertan, "Bereziak" atalean:
Atxegaldeko jaiak 2024
Urdaiagako jaiak 2024
Zubietako jaiak 2024