2024-25

Udako festen azken txanpa eta ikasturte berriko lehen hitzorduak, iraileko agendan

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 2a, 09:31

Abuztuko barealdiaren ostean, herri bizitza berpiztuko dute irailerako iragarri dituzten hitzorduek.

Urteko bigarren "hasiera ofizialean" sartu gara, irailari ekitearekin batera. Urdaiagako eta Atxegaldeko festa egunak salbu, abuztuan izan den barealdiaren ondotik berraktibatuko da herri bizitza asteotan. 2024-25 "ikasturteko" lehen hitzorduen berri jaso du, Usurbilgo Udalak egunotan etxez etxe banatuko duen iraileko kultur agendak.

Uda garaiko azken ekintzak uda osteko sasoi berriarekin nahastuko dira trantsiziozkoa izango den hilabete honetan. Esaterako, urte garai honetako festen denboraldiaren amaiera biziko dugu. Urriko Aginagako festen aurretik, Santuenekoak helduko dira irailaren 20tik 22ra; jan-edana, dj-ak, haur jolasak, txapelketak, musika... Eta gehiago izango da bertan. Bereziki, auzokideak biltzeko hainbat hitzordu egongo dira, bisitarientzat ere aitzakia ugari gau eta egun Santueneara joateko.

Lehenago, larunbat honetan, irailaren 7an, bost urteko ibilbide arrakastatsuaren ondotik estreinakoz, Iñurri Eguna antolatu dute Usurbilen. "Minbizia lehen pertsonan bizi duzuen edo bizi izan duzuen pertsonak, eta minbizian oso modu zuzenean lagundu/laguntzen duzuenak", 10.000 laguneko tribuak iragarritako egun solidarioan tailerrak, musika, hitzaldiak... tartekatuko dituzte.

Sasoi berriaren hasiera
Gainerakoan, 2024-25 ikasturte hasiera izango dugu albiste asteotan. Zerbitzu gehienak ohiko ordutegira itzuliko dira. Ikastetxeak egunotan irekiko dituzte ateak; lehenbizi langileentzat, geroago ikasleentzat. Une hau baliatuko dute, sasoi berriari festa giroan ekiteko. Santuenean, bertako auzo elkarteak festa eguna iragarri du jolas, bazkari eta Ttipika taldekoekin. Igande honetan, irailaren 8an izango da. Ostegunean, hilaren 5ean, bestalde, uztailean euriagatik bertan behera utzi behar izan zuten Uraren Festa antolatu du Antxomolantxa kultur elkarteak Aginagan.

Aisialdi tartea ere antolatzen hasteko garaia izango da iraila. Herri eragileek iragarritako hamaika ikastaroetan matrikulatzeko garaia duzue; besteak beste, Etumeta AEK euskaltegiak, Oiardo kiroldegiak, Einean elkarteak, Orbeldik... antolaturiko trebakuntza saioetan. Kantu Taldeak ere asteleheneroko ikastaroko saioei helduko die berriz, baita kantu jirari ere; udako etenaldiaren osteko lehenengoa hilaren 28rako antolatu dute.

Bira gehiago ere izango dira herrian barrena, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak herri honetako ondarea nahiz proiektu aitzindariak ezagutzea ahalbidetuko dituztenak; zaintza, hondakinen kudeaketa, Elizako ondarea, herriko kaleetako sorkuntza, Zumeta Arte Estudioa... bisitatzeko aukera izango duzue asteotan. Erreserbak, ohi bezala, 650usurbilbizi.eus atarian egin beharko dituzue.

Bi hitzordu Sutegin
Udazkenean sartu berritan, Sutegiko auditorioko lehen ekintzez gozatzeko aukera izango dugu. Lehenengo bi hitzorduak iraila amaierarako iragarri dituzte; batetik, Tenpora taldearen kontzertua. Haien laugarren diskoa, "Ama" izenekoa aurkeztuko dute. Hilaren 29an izango da. Bi egun lehenago, iazko irailean Jose Luis Zumetaren frontoi atzeko muralaren 50. urtemugaren harira ospaturiko Xumetik izeneko jaialdia iruditan gogoratzeko aukera izango da. Orduko egun haren ikuskizunari lotutako bideo proiekzioa iragarri du Usurbilgo Kulturguneak.

Amaitzeko, mobilizazioei dagokienean, Sarek udako etenaldiaren osteko hileroko azken ostiraletako elkarretaratzeen dinamika berreskuratuko du iraila amaieran. Lehenago, igande honetan bertan, irailaren 8an, erraustegia geratzeko urteroko giza katea deitu du Donostiako Kontxan Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eragile gehiagorekin lankidetzan.

Asteotako hitzorduen berri zehatzago jasoko duzue web orrialde honetako "Agenda" atalean edota baita sarrera behar duten ekitaldietarako txartelak eskuragarri eskainiko dituen usurbilkultura.eus plataforman.