2024-25

Ezohiko matrikulazio epea zabalik Lanbide Eskolak

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 2a, 08:15

Ezohiko matrikulazio epea zabaldu du, ikasturte berria etzi abiaraziko duen Lanbide Eskolak.

Ikasturte berria asteazkenean, irailaren 4an hasiko duten arren, oraindik Lanbide Eskolan ikasten hasi nahi duenak honako ohar hau kontuan har dezake. Izan ere, plazarik gabe dagoenak, plaza hutsak ote dauden kontsultatu dezake eta halakorik badago, matrikulazioa bideratu ahalko du gaurtik, irailaren 2tik urriaren 18ra, tarte horretan. "Jakin oraindik matrikulazio ez-ohiko aldia ere zabalik dela, beraz, norbaitek ziklo edo espezializazio bat hasteko interesa balu dei dezala ikastetxera hutsik dauden plazen inguruko informazioa lortzeko", ohartarazi dute Lanbide Eskolatik.

Zikloez gain, "berriro martxan ditugu Lanbide bidez eskaintzen ditugun langile eta langabetuei zuzenduriko ikastaroak ere. Ikastetxeko zein lanbideko web orrian aurkitu daiteke ikastaro zerrenda baita izen emateko aukera ere".

Informazio gehiago, bideotatik jaso daiteke:
943 364 600
lhusurbil.eus

Ikasturte berria abiatzear
Usurbilgo Lanbide Eskolak jada finkatua du hasiera eguna zein izango den; irailaren 4a, asteazkena, "aurten inoiz baino lehenago", sare sozialen bidez jakinarazi dutenez. Lehen eta bigarren mailako erdi eta goi mailako zikloetako ikasleek orduotan izango dute lehen harrera saioa:

Irailak 4, asteazkena
1. mailako taldeen aurkezpena, areto nagusian:
9:00 Erdi mailako zikloak: mekanika, elektrizitatea, mantentzea eta administraritza.
9:20 Goi mailako zikloak: 
-A eredua: administraritza, mekanika, informatika eta ostalaritza. 
-B eredua: efizientzia energetikoa.
9:40 D eredua: mantentze, energia berriztagarriak, administraritza, mekanika eta robotika industriala.

2. mailako taldeen aurkezpena:
10:00 Talde guztiak, geletan zuzenean, harrera tutoreekin.