Abisu horian segiko dugu gaur euri-jasa arriskuagatik

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 3a, 07:59

Prezipitazio handiagatik abisu horia ezarriko dute astearte iluntze honetatik asteazken goizera arte.

Gaur berriz ere euri-jasa arriskuagatik abisu horian egongo garela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. "Prezipitazio handiagatik" iragarritako abisu hau iluntzeko 21:00etan jarriko dute indarrean, hamabi orduz, asteazken goizeko 9:00ak arte. "Baliteke ordubetean 15 l/m² baino gehiago pilatzea Kantauri isurialdeko zenbait lekutan, bereziki ipar partean. Zaparrada ertainak botako ditu, baliteke zenbait tokitan handiak izatea", aipatu meteorologia agentziak ohartarazi duenez.

Atzo bezala, astearte honetan ere, irailaren 3an, Usurbilen "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Zaparrada txiki-ertainak egingo ditu, euria sarriago egingo du eta ugariagoa izango da egunaren lehen zatian. Ekaitzak izan daitezke. Ipar-osagaiko haize ahula ibiliko da. Tenperatura maximoak nahikoa jaitsiko dira".

Bihar, hilak 4, "zerua oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak egingo ditu. Baliteke trumoi-ekaitzak izatea. Ipar/ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".

Etzi, irailaren 5ean, "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Zaparrada txikiak egingo ditu; noizean behin ertainak egin ditzake. Arratsaldean atertzera egingo du. Ipar/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperaturan aldaketarik ez".

Eguraldi iragarpenari buruzko informazio eguneratua euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.