Zenbait udal dirulaguntzen ebazpenak, behin betikoak

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 3a, 08:55

Aisialdiko begirale edo zuzendari izateko nahiz euskara ikasteko ikastaroak egin dituztenei edota etxebizitzen alokairua ordaintzeko eginiko dirulaguntza deialdien ebazpenak kaleratu zituen abuztuan Usurbilgo Udalak. Alegazio epea igarota, behin betiko onartu dituzte.

Urte hasieran eginiko hainbat dirulaguntza deialdien ebazpenak kaleratzen joan da Usurbilgo Udala hilabeteotan, azkenak abuztuan zehar. Behin behineko ebazpenok behin betiko izaera dute jada. Segidan dituzue xehetasunak.

Euskara ikasten aritu direnentzako dirulaguntza deialdia
Iragan 2023-24 ikasturtean euskara ikasten aritu zirenei zuzenduriko dirulaguntza deialdia plazaratu zuen uda aurretik Usurbilgo Udalak. Eskabideak aurkezteko ekainaren 17tik 28ra finkaturiko epealdiaren baitan, "40 lagunek egin zuten dirulaguntza-eskaera, denera 41 ikastarotarako", Udaletik aditzera eman dutenez. Eskaera hauen guztien ebazpena kaleratu zuen Udalak abuztuaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Guztira, 22.033,21 euroko laguntza banatuko duela iragarri zuen.

Ebazpena behin-behinekoa zen. Abuztuaren 13az geroztik zenbatzen hasita, 10 laneguneko epea izan zuten interesdunek alegazioak aurkezteko. "Aipatutako epean alegaziorik aurkeztuko ez balitz, ebazpen proposamen hau finkoa izango da", ohartarazi zuen Udalak. Halaxe izan da, eta, beraz, aipatu ebazpena irmoa da jada.

Gogoan izan, Usurbilen euskara doan ikasi daitekeela. Izan ere, Udalak matrikulazio gastuen ehuneko ehuna diruz laguntzen du, ezarriak dituen baldintzak betetzen dituztenen kasuan; besteak beste, 16 urtetik gora izatea, Usurbilen erroldatua egotea, ikastaro osoan zehar %80ko asistentzia izatea edota gutxieneko aprobetxamendua gainditzea.


Aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak euskaraz egindakoentzako dirulaguntza deialdia
Euskara ikasten aritu zirenen kasuan bezala, 2023-24 ikasturtean zehar aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak euskaraz egindakoentzako dirulaguntza deialdia plazaratu zuen Udalak uda aurretik. Ekainaren 17tik 28ra eskaerak aurkezteko aukera izan zuten interesdunek. Epealdi horren baitan, 21 eskaera aurkeztu zituzten. Guztira, 3.491,25 euroko laguntza banatzea erabaki du Udalak. Abuztuaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez Udalak plazaraturiko ebazpen hori behin-behinekoa izan zen. Hilaren 13az geroztik hamar eguneko epea zuten interesdunek alegazioak aurkezteko. "Aipatutako epean alegaziorik aurkeztuko ez balitz, ebazpen proposamen hau finkoa izango da", Udaletik ohartarazi dutenez. Hala gertatu denez, behin betikoa da jada ebazpen hau.

Kasu honetan, matrikula gastuen erdia diruz laguntzen du Udalak, gehienez 250 euroko laguntza ematen du. Horren onuradun izateko, ordea, zenbait baldintza bete behar izaten dira; besteak beste, Usurbilen erroldatua egon eta 16 urtetik gora izatea, egindako ikastaroa euskaraz izatea eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea edota ikastaroaren alderdi teorikoa gainditzea eta araututako gehienezko epearen barruan titulua lortzea.

Etxebizitzen alokairurako 2024ko dirulaguntza deialdia
Urtarrilaren 19an plazaraturiko deialdiaren baitan, zazpi eskaera aurkeztu zituzten herritarrek. Lau eskabide onartu zituzten, beste hiru ez. Behin betiko ebazpena, iragan abuztuaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen Udalak.

Deialdi honetan parte hartzeko zenbait baldintza bete behar ziren; besteak beste, "2023an etxebizitza errentan hartuta izatea eta alokairuaren ordainketara zuzenduriko gainerako laguntzetarako eskubiderik ez izatea". Horrez gain, "etxebizitza Usurbilen egotea, herriko udal erroldan eta katastroan alta emanda egotea, hirigintza onarpena izatea eta bizigarritasun baldintzak izatea, alokairu-kontratuak gutxienez 12 hilabeteko iraupena izatea eta 900 eurotik gorakoa ez izatea...".