Zer da iñurri izatea?
Iñurrin nahi duguna da isilarazi diren gai tabuak plazaratu eta minbizia pasatzen duten pertsonen prozesuan dauden hutsuneak betetzea, perspektiba feministatik. Akonpainamendu ezberdin bat eskaintzen dugu ikusten ditugun hutsune horietatik abiatuta, informazio orokorra eskaintzeaz gain. Guk nahi duguna da presentzia ematea minbizia dutenei.
Izan ere, sarritan esaten dena ez dator bat iñurrien egunerokoarekin.
Ez eta ezta ere askotan eskaintzen diren zerbitzuekin. Errealitate hau ezkutatzearena bezalako garai bateko kontzeptuak hor daude oraindik. Ematen den informazioa ere, hein handi batean, itxurari lotutakoa da. Baina hutsune nahiko handi bat dago, adibidez, nutrizioaren, psikologiaren, sexologiaren... inguruan. Horregatik, ez gara identifikatuta sentitzen askotan hedabideetan, filmetan ematen den minbiziaren irudiarekin. Horrekin ere askok sufritzen du jendeak. Gauza horiek guztiak ikasten joan behar gara; adibidez, heriotzarekin dugun harremana aldatzen.
Heriotzarena da hausten ari zareten tabu kaltegarrietako bat.
Tabuek ez diete uzten bere bidea egiten. Badirudi halako prozesu bat ezkutuan eman behar dela edo besteen bide bera jarraitu behar dela eta ez da egia. Bakoitzak bere bidea egin behar du, hori oso garrantzitsua da. Bestalde, oso zabaldua dago, borroka irabazi beharraren mezua. Hiltzen denak borroka galdu du? Hortik gure “hil arte bizi” aldarria. Guri irakasten digute iñurriek bizitzen baita hiltzen ere. Guk Iñurrin asko hitz egiten dugu heriotzaz, egunerokotasunean harreman oso zuzena dugu heriotzarekin. Ikasketa handia da haiekin bizi duguna.
Heriotza, seguru dugun gauza bakarra da bizitza honetan.
Bai eta horri bizkarra emanda bizi gara. Horrek sortzen ditu beldurrak, tabuak, hitz egiteko ezintasuna. Guk egin beharreko aldaketa dago. Guk nahi duguna da bakoitzak libreki aukeratzea bere bidea. Horretarako behar da informazioa eta falta da.
Hor betetzen du Iñurrik bere espazioa.
Helburu nagusia minbizia gainditzea izaten da eta gorputza zein emozioak kolpatzen dituen tratamenduak jasotzea. Zure bizitza erabat alde batera geratzen da orohar. Prozesu horretan dagoenari biziraupena garrantzitsua iruditzen zaio baina baita bitarte horretan bizi ahal izatea ere, ze inork ez dizu ziurtatzen biziko zarenik, gaixotasuna gaindituko duzunik. Iñurrin ditugu emakume batzuk duela 15 urte izan zutenak minbizia eta orain ari direnak kanporatzen hau dena.
Nola iristen dira Iñurrira kide berriak?
Osakidetzak pazienteei emandako elkarteen zerrendan ez da ageri Iñurri. Toki ezberdin askotatik iristen zaizkigu, ahoz ahokoaren bidez, gure podcastak entzunda... Oso pertsona ezberdinak dira. Batzuk behar dute denbora gehiago. Batzuk komunitatean sartzen dira haien zalantzak, korapiloak askatu ahal izateko. Azkenean, elkarrekiko akonpainamendu onena haiek egiten dute. Elkartea zubi bat da.
Elkar ulertze oso berezia sortzen da ezta?
Asko gustatzen zait ikustea ze aniztasun dagoen, ze ezberdinak diren ideologikoki, bizimodu aldetik, familia edo inguru aldetik eta aldi berean ze ondo elkar ulertzen diren. Esan izan digute orain arte inork ez diela hain ondo ulertu, ez dutela izan sare bat ulertua sentiarazi diena eta libreki hitz egin ahal izan dutena.
Honek ere erakusten du zenbat etxeko lan ditugun egiteke.
Oxala ez balira existituko halako elkarteak, horrek esan nahiko bailuke lan hori gizarteak betetzen duela, erakunde publikoek. Baina erabateko baliabide falta dago. Ez da benetan entzuten, prozesu horretan daudenek zer behar duten. Iruditzen zait askotan hori falta zaigula orokorrean. Entzute aktibo hori behar da. Iñurrin espazio bat ematen da lasai hitz egiteko. Badakite ez ditugula epaituko.
Larunbateko Iñurri Egunean plazaratu nahiko duzue hau guztia. Zergatik hautatu duzue Usurbil ekimen solidario honetarako?
Iñurri Egun hau antolatu dugu, aspalditik, nahi genuelako halako topaketa bat egin. Asko gustatzen zaigu minbizia dutenak, ez dutenak... aniztasun hori elkartzea. Horrez gain, abuztuan bost urte bete ditugu eta goaz lokala irekitzera Usurbilen. Iñurri sorreratik izan da Usurbilgoa, Julene sortzailea herritarra da. Egia esan, beti erraztasun handia izan dugu Usurbilen gauzak antolatzeko garaian.
Usurbilen baduzue iñurri taldea ere?
Baditugu. Topera lanean, gainera, larunbatean ere bertan izango dira boluntario gisa. Bilera guztiak ere Potxoenean egin ditugu. Usurbil gure etxea izan da. Oso gustura sentitu gara beti hemen lanean. Lokalarena planteatu genuenean non ireki, Usurbilen izan behar zuela argi genuen. Non irekiko dugu bestela?
Zer nolako erabilera eman nahi diozue egoitzari?
Kalean egon nahi genuen, gure atea irekita egotea, nahi zuenak sar zedin. Irekia izatea nahi genuen. Espazio hori egokitzen ari gara. Horregatik antolatu dugu Iñurri Eguna ere, egun solidario gisa, laguntzarako, obra dezentekoa egin behar izan dugulako. Ekintzak horregatik izango dira ordainpekoak. Helburua da, espazio multidiziplinar bat izatea. Gure langilea egongo da bertan. Yoga onkologikoa, formakuntza, hitzaldiak... eskaini nahi ditugu. Batez ere, harrera hori eskaintzeko espazio bat izatea nahi dugu. Helburu bezala jarri dugu datorren urtarrilean zabaltzea.
Zertarako baliatu nahi duzue Iñurri Egun hau?
Elkartzeko egun bat izatea nahi dugu, informazioa eta formakuntza eskaintzeko, baita ondo pasatzeko ere.
Bost urte bete ditu Iñurrik abuztu honetan. Atzera begira jarrita, emankorra izan da ezta zuen elkarteak sorreratik jorratu duen bidea?
Guk diogu askotan gogaikarriak garela pixka bat, eulien antzera. Azkenean elkarte bat ez bada halakoa, ezin da aldaketarik eragin. Iñurritik gai asko plazaratzen ditugu jendartearentzat deserosoak direnak. Elkarte hau hazten ari da oso azkar. Ez genuen espero halako bilakaera izango zuenik. Hau taberna bateko terraza bateko mahai batean sortu zen. Eraldaketa handia izan du. Bost urteotan ezin izan dugu frenatu, inguruak lagundu duelako, denak bat goazelako bide horretan. Gauza piloa lortu dira. Jende dezenteri laguntzen ari garen sentipena dugu. Balantzea positiboa da orokorrean nahiz eta gauza asko dauden lortzeko eta hobetzeko. Politikak asko aldatu behar dira. Asko dago aldatzeko pertsonongan ere eta nola ikusten dugun, adibidez, gaixotasun bat edo beste gai tabu batzuk.