Maila guztietan matrikulatu eta geure bertako hizkuntza ikastea sustatzen segituko dute eskualdeko udalek. Izan ere, diruz laguntzen dute tokiko erakundeok ikasleek eginiko ahalegina.
Ikasturte berrirako euskalduntzea izango dute helburu, beraz, hainbat eta hainbat herrikidek, tartean, lerrootako bi protagonistek: Danna Ocampok eta Wen Chen Guanglik. Biak ala biak atzerrian jaio arren, Buruntzaldea dute bizileku egun. Aurtengo ikasturterako matrikulatuko direnen artean izango dira. Biek ibilbide ezberdinak izan arren, haien lekukotzek nabarmentzeko moduko ezaugarri eta antzekotasunak dituzte, euskara ikasteko buru-belarri murgilduak diren prozesuei dagokienean. Biek ala biek dute haientzat berria den hizkuntza hau ezagutu eta erabiltzeko gai izateko ilusio eta motibazioa. “Nire helburua gutxienez B2 eskuratzea da”, adierazi digu Wen Chen Guanglik. Orain arte jorraturiko bidean sakondu nahi du Ocampok ere. “Ikasten segitu nahi dut. Badakit euskara akademikoa eta kalekoa ez dela hizkuntza bera, baina euskara ikasi nahi dut nire ezagutza eta ikasketa gaitasuna heltzen den lekuraino. B2 eskuratu arte, horraino iristea espero dut”. Orain arteko bidelagunekin berrekin nahi dio euskalduntze prozesuari. “Nire ikaskideekin batera egoten jarraitzea espero dut, taldean denok batera egoteak motibatzen baikaitu”, gaineratu du Ocampok.
“Bizitako esperientzia ederra”
Euskara ikasi nahiz ezagutza eta erabilera maila hobetu asmo dutenak ere ikasturte berri honetan euskaltegian matrikulatzera gonbidatu dituzte. “Ahalegina egitetik dator emaitza. Egunerokoan egindako saiakera eta ahalegin horretan jarritako maitasunetik, tartetxo bat irakurtzeari eskainiz edo hitzak ikasiz, hori guztia barneratzen zoaz. Bizitako esperientzia ederra da bai irakaslearekin, bai ikaskideekin. Hor dago dirulaguntzen arloa ere. A1 urratsean adibidez, %100eko dirulaguntza jaso nuen Usurbilgo Udaletik”, nabarmendu du Dannak.
Bera bezala, ikasketa prozesuan murgildu nahi dutenak animatu ditu Guanglik. Gako garrantzitsutzat jo du bizileku duen Urnietako bertako hizkuntzan trebatzea. “Polita eta bizi-esparrua zabaltzen duen hizkuntza da euskara niretzat. Kanpotik gatozenontzat, euskara ikastea baliabide garrantzitsua da hemen ondo bizitzeko”, nabarmendu du.
Wen Chen Guangli Txinan jaio zen, Pekinetik ehun bat kilometrora, 14 milioi biztanleko ingurunean. Duela 22 urtetik bizi da inguruotan, “gustura asko”, azpimarratu digunez. Lehenbizi Donostian, Zarautzen tartetxo batean, egun Urnietan.
Euskaraz aritzeko ilusioa
Pedagogia ikasketak eginak ditu, enpresa-ikasketei lotutako masterra ere egina du. Hizkuntzekiko zaletasun nabarmena du. Bere sorterriko ama-hizkuntzarekin batera, inguruotako beste hainbat menderatzen ditu; egun, hemengoa du, ordea, jomugan. Izan ere, beka baten bidez heldu zen Euskal Herrira, Txinan ikasketak amaitu ostean. Enpresa munduan aritu zen lanean. Eremu horretan, “beti euskaraz hitz egiten zuten. Nik gaztelaniaz. Egunen batean euskaraz hitz egiteko gai izateko ilusio handia nuen”.
2020. urtea heldu zen, guztiontzako urte ahaztezina, covid19ak eragindako osasun krisialdiagatik. Txinara itzuli behar izan zuen gaixo zuen aita zaintzera. Euskara ikasteko ilusioa ez zitzaion apaldu une gogor horietan ere eta hantxe, baldintza gogor horietan hasi zen euskalduntzen, bere kabuz. “Euskara ikasten hasi nintzen. Egunero gramatika ikasten nuen neuk bakarrik lau orduz”, oroitarazi du. Aita hil zitzaionean, Euskal Herrira itzuli zen, sorterrian hasitako trebakuntzari jarraipena ematera. Euskaltegian matrikulatu zen. “Orain arte asko ikasi eta oso ondo pasa dut irakaslearekin, ikaskideekin”.
Euskarari esker, “integratuta”
Hemen, lan munduan murgiltzeko euskara lagungarri eta beharrezkotzat jotzen du. Bestalde, hizkuntzak “asko gustatzen zaizkit betidanik. Euskal kultura polita da”. Ildo horretan, gaineratu digunez, kultura horretan murgiltzeko “hizkuntza erreminta garrantzitsua da”. Bere motibazio mailaren nondik norakoez galdetuta, argi erantzun du, “helburu bat jartzen dudanean, saiatu eta saiatu jarraitzen dut”. Bidelagun ditu, gustukoa duen euskal historia, euskal dantzak, euskarazko irratia… Euskarari esker, “integratua sentitzen naiz hemen”. Itxuragatik, segituan kanpotartzat jotzen dute eta euskaraz hasten denean, “harrituta geratzen dira”. Etorkizunean, bere sorterriko eta bizilekuko hizkuntzak, txinera eta euskara bateratu eta zerbait egiteko nahia du.
Danna Ocampok ere sorterrian ikasitakoan sakontzen segitu nahi du. Kolonbian jaioa, Donostiara heldu zen lehenbizi amaren aldeko senideen artera. Egungo bikotelaguna ezagutu eta Usurbil du bizitokia egun. “Erizaintzako laguntzailea naiz eta horri lotutako zerbait ikasi nahi nuen hemen. Lanbide Heziketako ziklo bat egin nuen laborategi klinikoari lotutakoa. Sektore publikoan lan egin nahi nuen”, azaldu digu. Horrekin batera, bikotelagunaren familia euskalduna da eta “ilusioa egiten dit haiekin euskaraz hitz egin ahal izateak eta hemen bizita bertako hizkuntza ezagutzea oso ondo dago”, batez ere, nabarmendu digun moduan, herrikide dituenekin harremana eduki ahal izateko.
Erabilera, erronka
Euskaltegian dabil euskalduntze lanetan. Zaila izan zaio ikasketa prozesua baina “pausoz pauso, ezer ez jakitetik hitz batzuk ulertu eta elkarrizketetan erabiltzen hastea oso atsegingarria izan da”. Bidelagunen garrantzia azpimarratu digu Ocampok. “Gustuko dut klaseetara joatea, irakasleekin hitz egitea eta klasekideekin saioak partekatzea, oso lagungarria da. Euskara ez genekien taldekideon artean konplizitatea sortu da. Irakaslea beti egokitu izan da nire egoerara. Bikotelagunak ere asko lagundu dit etxeko lanekin”.
Sare horren garrantzia nabarmendu du Dannak. Izan ere, “nik hemen amaren familia dut baina migrante asko bakarrik datoz”. Euskara ikastea sare hori eraikitzen hasteko baliabidetzat ikusten du. Euskalduntze horretan, sare horri begira da Ocampo. “Elkarrizketak euskaraz egin ahal izatea, hortxe dut erronka”.