Urrats berri bat trenbidea bikoizteko eta lurrazpiko tunela eraikitzeko Aginaga aldean egin asmo dituzten lanei begira. Izan ere, proiektu honen obrak esleitu dituela berri eman du Euskal Trenbide Sareak. 30,6 milioi euroko kostua izango du egitasmoak Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko Sailaren esku dagoen ETS-k zehaztu duenez, BEZ-az aparte. Erakunde publiko horren kontratazio-batzordeak "Construcciones Moyua, Jaizubia eta Geotúnel enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteari (ABEE)" esleitu dizkio lan hauek ostegun honetan, irailaren 5ean.
Lan hauek gauzatzeko 40 hilabeteko epealdia izango du enpresa talde honek. "Trenbide bikoitzean 1.329 metro luze izango den tunel bat eraikitzeak egungo ibilbidea laburtuko du eta Zarautz eta Donostia arteko maiztasunak bikoiztea ahalbidetuko du". Trazadura berriak kilometro eta erdi inguru laburtuko du egun, hein handi batean Oria ertzetik egiten duen bidea.
Bi minutuko aurrezpena
Egun, Orio eta Usurbil lotzen dituen tren zerbitzuak 9 minutu behar izaten ditu tarte honetako bidea osatzeko. Proiektu hau egikaritu ostean, bi minutu aurreztuko dira eremu horretan. "Lanak, funtsean, 1.329 metroko luzerako trenbide bikoitzeko meategi-tunel bat eraikitzean oinarrituko dira. Bi muturretan tunel faltsuko egiturak proiektatu dira, obra ingurunean integratzeko. Bilbo aldean 24 metroko luzera izango duen soluzioa diseinatu da, eta beste aldean, Donostiakoan, 30 metro izango ditu. Tunelak 371 metro luzeko larrialdietarako galeria bat ere izango du", ETS-tik azaldu dutenez.
Lan hauek trenen joan etorrien maiztasuna handitzea eragingo dute. Egun, gehienez orduerdiro igarotzen da trena bertatik. Etorkizunean, ordea, ordu-laurdenero zeharkatu ahalko dute zonalde hau. Horrekin batera, "tunel osoan trenbidea bikoiztuko denez, bidaiarien eta salgaien unitateak gurutzatu ahal izango dira". ETS-tik gaineratu dutenez, "trazadura-aldaketarekin ustiapenean ere hobekuntza nabarmena lortuko da. Trazaduraren inguruan zuhaitz eta ezponda ugari daudenez arazo asko sortzen dituen baso-eremua uztean, azpiegituran eragin gutxiago sortuko da eta mantentze-lanak murriztu egingo dira. Horrek bidaiarien erosotasun- eta segurtasun-baldintzak optimizatzen lagunduko du".
Gipuzkoa barruko loturak hobetzeko
Aginagako lan hau testuinguru zabalago baten kokatu ditu ETS-k. "Mugikortasun Jasangarrirako Sailak inbertsio handia bultzatu du Elgoibar eta Donostia arteko trenbide-azpiegituretan, Gipuzkoako mendebaldeko kostaldearen eta hiriburuaren arteko lotura hobetzeko. Gauzatutako proiektuen artean daude, besteak beste, Alzolako saihesbidea, Zumaiako zubiaren eraberritzea, herri horretan bertan geltokiaren birmoldaketa eta kotxetegien eraikuntza, Meagako tunelaren finkapena eta trenbidearen berrikuntza, Zarauzko San Pelaioko geralekuaren zaharberritze osoa eta terminal berriaren eraikuntza udalerri horretan bertan".