Kontxako estropadak eta Zarauzko Euskal Jaiak tarteko, tren zerbitzu gehiago

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 6a, 12:08

Igandeko Donostiako estropadak eta asteleheneko Zarauzko Euskal Jaiak tarteko, ohi baino trenen joan etorri gehiago izango dira datozen egunotan.

Donostiako estropadak
Iragan igandean bezalaxe, Kontxako bandera nortzuk etxeratuko duten ezagutuko den igande honetarako, irailaren 8rako ohi baino tren zerbitzu gehiago iragarri ditu Euskotrenek estropadez gozatzera joan ahal izateko. Igande goizetan orduero izaten da tren zerbitzua 8:24an hasita Usurbildik Donostiarantz; baita, beraz, 9:24an, 10:24an, 11:24an... Ohiko zerbitzu horiez gain, orduon bueltan ere tren zerbitzua izango da udalerri honetatik Gipuzkoako hiribururantz hilaren 8an: 9:34an, 9:53an, 10:34an, 10:53an, 11:34an. Informazio gehiago:
euskotren.eus
944 333 333

Gogoan izan, emakumezkoen arteko estropaden lehia goizeko 11:00etan hasiko da, gizonezkoena 12:00etan. Honako taldeok lehiatuko dira Kontxako badian:
-Emakumezkoak. Arraun Lagunak, Orio, Tolosaldea, Donostiarra, Astillero, Chapela, Hibaika, Kaiku.
-Gizonezkoak: Urdaibai, Zierbena, Donostiarra, Orio, Hondarribia, Kaiku, Getaria, Cabo.

Zarauzko Euskal Jaiak
Kontxako estropaden azken jardunaldiaren biharamunean jai izango dute Zarautzen. Izan ere, Euskal Jaien ospakizun egun nagusiaren plaza izango da Urola Kostako udalerri hau irailaren 9an. Urtero moduan, tren zerbitzuen eskaintza indartu du Euskotrenek egun horretarako. Zehazkiago esanda, gauez tren zerbitzua izango da Donostia eta Zumaia artean.

Honenbestez, tarte horretan, trena baliatu ahal izango da gauerditik goizaldera arte. Zarautzetik Usurbil aldera orduotan iragarri dituzte tren zerbitzuak: 0:08, 0:38, 1:08, 1:38, 2:38, 3:38, 4:38 eta 5:27. Usurbildik Zarautzera, aldiz, orduotan, 22:04an eskainiko den azkeneko ohiko tren zerbitzuaren ondotik: 23:34, 00:04, 0:34, 1:04, 2:04, 3:04 eta 4:04. Gogoan izan, gero 6:04tik hasita etengabe egongo direla tren zerbitzuak egun osoz. Usurbildik Donostiarantz ere tren zerbitzua izango da astelehen gauean, irailaren 9tik 10erako goizaldean, orduotan, ohiko eguneroko 22:54ko azkeneko tren zerbitzuaren ondotik: 0:24, 0:54, 1:24, 1:54, 2:54, 3:54, 4:54 eta 5:43. Hurrengo eguneko ohiko tren zerbitzua 6:24an izango da.

Ohiko ordutegia
Adi, bestalde, Zarauzko Euskal Jaien astelehen horretan jarriko du martxan Euskotrenek "neguko" ordutegia. Igandera arte, irailaren 8ra arte udakoa izango da indarrean. Gogoan izan, Usurbil zeharkatzen duen zerbitzua indartu egin dute udako asteburu eta jaiegunetan. Urtean zehar, 60 minuturo izaten da tren zerbitzua, uda parte honetan 30 minuturo eskainiko da zerbitzu hau igandera arte, Usurbildik Oriorantz 14:04-21:04 artean eta 15:24-22:54 artean Donostiarantz.

Irailaren 8ra arte indarrean izango den udako tren zerbitzuen ordutegia eta biharamunetik, hilaren 9tik aurrera martxan jarriko duten "negu" partekoa helbide honetan kontsultatu dezakezue, euskotren.eus atarian hain zuzen. "Euskotrenek ordutegiak aldez aurretik kontsultatzeko gomendatzen die trenez joango diren pertsonei", ohartarazi dute.