Igandean Donostian mobilizatzeko deia egin du Ernaik

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 6a, 12:26

"Bat eginez independentziara" aldarripean mobilizatzeko deia egin du Ernaik irailaren 8an Donostian. 

Iazko irailean, Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteen espetxeratzea salatzeko eginiko ekimenetan 133 kide identifikatu eta 290.500 euroko isunak heldu zitzaizkien guztira. "Ernairen jardun politikoa hipotekatzea helburu duen erasoa da hau", salatu du Ernaik. Testuinguru horretan, "gazte borroka geldiezina" dela aldarrikatuko dute, "bat eginez independentziara" aldarripean, irailaren 8an Donostian deitu duen manifestazioan.

Hainbat atxikimendu jasotzen ari da igandeko mobilizazioa, tartean, baita gazte usurbildarrena ere. Sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, "aldarriz jantzi ditugu herriko hormak, autobus geltokiak eta tabernak hilabete hauetan. Agerraldiak, mural margoketak, planak, pankartak, zerrendak, kafeak. Usurbilen ere badago ameslarien belaunaldi berri bat, olatuan altxatuko dena igandean", iragarri dute.

Usurbildik Donostiara elkarrekin joateko deialdia egin dute hilaren 8rako.

Irailak 8, igandea
10:30 Aitzaga aurrean biltzeko deia.
11:36 Trenez Donostiara.
13:00 Usurbildarren argazkia Donostiako udaletxe aurrean.
13:30 Manifestazioa Donostiako Bulebarretik.
Deitzailea: Ernai Usurbil.

Antolatzeagatik jazarriak
Donostiako manifestaziora joateko deia egin du Ernaik. "Ernairen kontrako operazio honen aurrean, gazte borroka geldiezina dela aldarrikatuko dugu irailaren 8an Donostian. Isunen eta oztopoen gainetik independentziaren aldarria egiten jarraituko dugu".

Usurbilen ekaina amaieran eginiko agerraldian herri mailako militanteek gogorarazi zutenez, "militantzia independentista betidanik izan da jazarria Euskal Herrian, batzuk aurkakoa sinestarazi nahi badigute ere kolpatuak, bestelako herri batekin amets egiteagatik eta horren alde borrokan egiteko egunero-egunero herri eta auzoetan antolatzeagatik". 

Horregatik, iragarri zutenez, "hau guztia ozen aldarrikatzera joango gara Usurbilgo gazteok irailaren 8an" Donostiako manifestaziora. Oroitarazi zutenez, "jasotzen dugun kolpe bakoitza bide zuzenetik goazelaren erakusle da". Horregatik, Gipuzkoako hiriburuan "bat egingo dugu Euskal Herri osoko hainbat eta hainbat kiderekin, hain zuzen, bidea eta borroka partekatzen dugun horiekin. Asko gara, baina are gehiago izango gara eta bat eginez soilik eramango dugu herri hau independentziara. Gora euskal gazteria eta gora Ernai".