Iñurri Eguna

Iñurri Eguna larunbatean

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 6a, 12:51

Egun solidarioa ospatuko da larunbat honetan, irailaren 7an Usurbilen, Iñurri Eguna. 

"Minbiziaren akonpainamendu, formazio eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik" diharduen Iñurri elkarteak egun solidarioa antolatu du larunbatean, irailaren 7an, Usurbilen. "Elkartzeko egun bat izatea nahi dugu, informazioa eta formakuntza eskaintzeko, baita ondo pasatzeko ere", adierazi diete antolatzaileek NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan.

Elkarteak bete berri dituen bost urteotako ibilbideari gorazarre egingo diote. "Bost urte dira proiektu honi hasiera eman genionetik, bost urte eta milaka abentura. 10.000 pertsonako sarea eta emakume zoragarriz osatutako tribua. Miloi bat emozio bizi izan ditugu denbora honetan eta hau dena inguratzen diguzuen guztioi esker izan da. Horregatik, badator lehenengo IÑURRI EGUNA!".

Elkartzeko, elkar ezagutzarako, ondo pasatzeko eta laguntza biltzeko ere izango da, larunbateko Iñurri Eguna. Izan ere, abuztuan bost urte bete zituen elkarteak etorkizun hurbilean, bere egoitza zabalduko du Usurbilen. "Helburua da, espazio multidiziplinar bat izatea. Gure langilea egongo da bertan. Yoga onkologikoa, formakuntza, hitzaldiak... eskaini nahi ditugu. Batez ere, harrera hori eskaintzeko espazio bat izatea nahi dugu. Helburu bezala jarri dugu datorren urtarrilean zabaltzea", Iñurri elkartetik NOAUA!ri adierazi diotenez.

 

Kontzertuetarako sarrerak soilik
Bost urte bete dituen Iñurri elkarteak estreinakoz, larunbat honetarako, irailaren 7rako, Usurbilen antolatu duen egun solidariorako txartelak ia erabat agortu dira. Antolatzaileek osatu duten egitaraua borobilduko duten kontzertuetarako txartelak baino ez dituzte salgai.

Gogoan izan, larunbat arratsaldeko 17:30etan hasita, Elektropottotte, Idoia Asurmendi, Eñaut Elorrieta eta herriko talde bat, Rukula izango direla frontoian. "Musikalki, Rukula taldea rock instrumentalean oinarritutako doinu dantzagarri eta zoroen koktel-ontzia da. 2014an hasi ziren lanean eta hiru disko kaleratu dituzte aldi horretan. Aurten estudioko hirugarren lana aurkeztuko dute, Traganarru. Lan hau Andoaingo Studios Garaten grabatu da, Martxel Arkarazo taldeko baxu-jotzaile eta soinu-teknikariaren aginduetara. Bertan, etiketa bakar batean sailkaezinak diren zortzi abesti sartu dira. Rukula zuzenekoetan lehertzeko prest dagoen banda bat da!", aurkeztu dute Iñurri Elkartetik.

Arratsaldeari Elektropottotek ekingo dio. "Euskal Herria dantzan jartzeko sortutako elektrotxaranga gara eta marratxeoa eta giro ona ditugu oinarri", iragarri dute. Haiekin izango dira baita emanaldi akustiko bana eskaintzen, Idoia Asurmendi eta Eñaut Elorrieta. Asurmendi, "aramaioarra, kantautorea. Ordu erdi inguruko bakarkako kontzertu honetan, “Ilun eta Abar” eta “De Amar y Desandar” diskoetako zenbait kantu aurkeztuko ditu formatu akustikoan, pianoaren eta gitarraren laguntzarekin". Elorrietak "bere ibilbide osoko hainbat kantu eskainiko ditu gitarra lagun", iragarri dute.

Honatx larunbateko egun solidariorako Iñurri elkarteak osatu duen egitaraua:


Iñurri Eguna Usurbilen


Irailak 7, larunbata
9:30-11:30 Yoga eta gosaria Usurbilgo frontoian.
Zehaztasunak: Hasteko, yoga saioa Olatz Berasategiren eskutik. "Olatz naiz, Ama Yoga proiektuaren sortzailea eta bertako irakaslea. Ordu eta erdiko yoga saio honetan, arnasketarekin eta arretarekin lan egingo degu, lasaitasun eta konzentrazio jarrera batetik abiatuta. Saioaren helburua norbere buruarekiko zaintza izango da, bere muga fisiko zein mentalak besarkatuz".
Bukatzerakoan, "Ore Ama, Txalaka eta Tolosa jatetxeak prestatutako gosariaz gozatzeko aukera izango dugu".

11:30-13:30 Serigrafia tailerra Potxoeneko sotoan. "Iñurri egunerako diseinatutako lamina bat serigrafiatuko dugu Beñat Iraolaren laguntzaz". 
Zehaztasunak: "Serigrafia eta esku lana uztartuz gaur egun bere ogibide diren bi proiektu garatu ditu Beñatek, Zatzaizkit eta Arrugado Studio. 0tik hasi eta estanpazio teknika bere kasa ikasi ondoren, orain sormena, prozesu kreatiboa eta produktu ezberdinen estanpazioa garatzen ditu egunerokotasunean. Tailer honetan serigrafiaren nondik norakoak azaldu, eta egun honetarako zehazki sortutako ilustrazio baten estanpazioa burutuko du parte hartzaile bakoitzak Beñaten laguntzaz. Estanpazioa paperean egingo da eta parte hartzaile bakoitzak lamina etxera eraman ahal izango du".

11:30-13:00 Belarritako pertsonalizatuak sortzeko tailerra Ebonyren laguntzarekin Potxoeneko proiektore gelan.
Zehaztasunak: " Ebony naiz, Tai Day Studio proiektuaren atzean dagoena. Tailer honetan buztin polimerikoz egindako bi belarritako pare egiteko aukera izango dugu. Kolore eta forma aniztasuna erabiliz, bakoitzak bere pieza esklusiboak sortuz".


Hitzaldiak: 
-Heriotza eta dolua:
Hizlaria: Ainara Urdapilleta.
Zehaztasunak: "Mindfulnessa, orainean arreta jarrriaz egoteko gaitasuna da. Momentuz momentu, gure barnean gertatzen den guztia sentitzeko gaitasuna, balorazio eta epairik gabe. Gaitasun hau, arreta ariketen bidez garatu daiteke eta onura garrantzitsuak ditu ongizate psikologikoan. Hemendik abiatuta heriotza eta dolua aztertuko ditugu hitzaldi honetan".

-Zoru pelbikoa eta sexualitatea:
Hizlaria: Maider Galardi eta Nahia Intxausti.
Zehaztasunak: “Ikuspegi feminista” diogu, baina gure gorputzean daramagu berez: azalean, mundu hau habitatzeko moduan eta aukeretan, jasaten dugun biolentzian, gorputz atalak kendu edo jartzeko exigitzen digutenean, gaixo nola egon behar garen agintzen digutenean. “Gorputzaren autodeterminazioa” diogu, eta prozesu hauetan askotan erabakitzeko tarte txikiarekin geratzen gara. Ala agian ez da guztiz hala? Zein baliabide indibidual eta kolektibo ditugu honi aurre egiteko? Zein dira gure erresistentziarako estrategiak? Nola egiten diegu aurre gorputz hauetatik aurkako egoerei? Gorputz batetik bestera, mundu honetan egoteko era batetik bestera, Maider Galardi ikerlari eta kazetariak eta Nahia Intxausti EHUko irakasle eta Inurrikideak solasaldia egingo dute minbiziari feminismotik nola heldu hausnartzeko".

-Feminismoa: 
Hizlaria: Maria Lopez Altuna.
Zehaztasunak: "Norberak bere burua ulertzea, albokoa ulertzea, hark gu ulertzea, gertukoekin harreman goxoa izatea… maiz ez da nahi bezain erraza. Are zailagoa izan daiteke gugan, eta ondorioz ondokoarengan, aldaketa anitz tarte laburrean ematen direnean (minbiziaren eta haren tratamenduaren ondorioak direla medio). Lehen izan ginenera, egiten genuenera itzultzen saiatzen gara arrakastarik gabe, bizitzan atzerantz egitea ez baita posible. Aurrera nola egiten dugun, horretan dago gakoa".

14:00 Bazkaria Usurbilgo frontoian.
Menua:
Pasta entsalada + albondigak + gazta tarta.
*Menu beganoa eskatzeko aukera egongo da.
*Ogia, sagardoa eta ura.


17:00 Olatz Mercaderren monologoa (Aitziber Garmendiaren gidaritzapean) Usurbilgo frontoian.

17:30 Kontzertuak Usurbilgo frontoian:
17:30 Elektropottotte.
18:00 Idoia Asurmendi.
19:00 Eñaut Elorrieta.
20:00 Rukula.

Sarrerak salgai eta informazio gehiago, izaninurri.eus/inurri_eguna_2024/ atarian jaso ahalko duzue.