2024-25

Udarregitik Zumartera, gaurtik ikasturte berrian erabat murgilduak

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 9a, 09:54

Ikasturte berriaren hasiera eguna izango da gaurkoa.

Gurasoen eta haurren joan-etorriak, ikasgelen irekiera, eguneroko trafiko mugimendua... Udako oporraldi osteko ohiko lehen astelehena gaurkoa, irailaren 9a Usurbilen. Zenbait ikastetxe edota zikloetan jada aurreko astean estreinatu bazuten ere, gaurtik bai, 2024-25 ikasturtea erabat martxan dagoela esan daiteke.

Goizeko 9:00ak aurretik, Udarregi ikastola inguruan jasotako irudiak dituzue segidan. Urduritasuna nabari zen gaztetxoenen artean. Itzulerako besarkada bat baino gehiago ikusi ahal izan dira, ikastolak egin dien musikaz giroturiko harreran.

Amaitu dira oporrak, beraz, ikasgelera itzultzeko ordua zen goizekoa. Halaxe joango da baita, astelehen arratsalde hau ere. 

40 urte
Izan ere, Zumartetik jakinarazi dutenez, astelehen honetan, irailaren 9an ekingo diote 2024-25 ikasturteari. "Udako oporraldia bukatu dugu eta gogoratzen dizuegu 2024-2025 ikasturteko saio-klase guztiak irailaren 9an (astelehena) hasiko ditugula (musika txokoa, mintzaira, abesbatza, instrumentuak eta taldeak)", zehaztu dute aipatu musika eskolatik, sare sozialen bidez.

Datorren ekainera arte luzatuko duten ikasturteko egutegia ere denen eskuragarri jarri dute zumarte.eus atarian.

Denboraldi berezia izango dela iragarri dute, gainera. Izan ere, "jakinarazten dizuegu ere ikasturte honetan Zumarte Usurbilgo Musika Eskolaren 40. urteurrena ospatuko dugula, beraz, urte berezia izango da denontzat!!".