2024-25

Ikastaro gehiagotan matrikulatzeko aukera

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 9a, 09:16

Irudia: Etumeta AEK euskaltegia.

Lerrootan duzue hilabeteotarako antolatu den ikastaro eskaintza zabalaren berri.

Esperientzia Eskola eta oroimen tailerra
Udaleko gizarte zerbitzuek Matia Institutuarekin lankidetzan antolaturiko Esperientzia Eskola 55 urtetik gorakoei zuzendua dago. “Lan mundutik erretiroa hartu eta ikasteko grina duen orok eman dezake izena”, Udaletik azaldu dutenez. Astearteetan izango dira saioak, 16:00-18:00 artean. Bestalde, oroimen tailerra ere antolatu dute Udalak eta Lahar elkargoak, memoria landu nahi duten adineko pertsonentzat. Ikastaro hauetan irailaren 25era arte eman ahalko da izena gizarte zerbitzuetan (astelehenetik ostiralera 9:00-14:00 artean asteazkenetan ezik edo 943 377 110 telefono zenbakian).

Euskara errefortzuko klaseak
Eskolaz kanpo, euskara barneratu eta sendotzeko doako errefortzu klaseak eskainiko ditu ikasturte honetan ere Usurbilgo Udalak hiru ikastetxeekin batera (Udarregi ikastolak eta Aginaga zein Zubietako eskolek) behar baino maila apalagoa duten 6-16 artekoentzat. Zerbitzu hau Ttakun Kultur Elkarteak eskainiko du urritik aurrera. Iaz bezala, zerbitzu hau lizitatzeko prozedura bideratu du Udalak uda partean eta iazko kudeatzaileek eskuratu dute esleipena.

Bigarren urtez eskainiko dituzte klaseok. “2023-24 ikasturtean egin zituzten estreinakoz, eta emaitzarekin pozik, aurten ere saioak eskaintzea erabaki dute”, azpimrratu dute antolatzaileek.

Izen-ematea zabalik dute interesdunek irailaren 20ra arte, bideotatik: zerbitzuak@ttakun.eus / 650 45 93 54. Egitasmo honen sustatzaileen esanetan, bospasei talde sortzeko beharra egon daiteke. “Eskolaz kanpo euskara barneratu eta sendotzeko beste espazio bat ematea izan da saioon muina”. Sendotze lan hau bideratzen dute astero egiten dituzten ordu eta erdiko bi saioetan, “ahozkotasuna eta jolasa oinarri hartuta”. Iaz bezala, “ikastetxeek identifikatuko dituzte saiook baliogarri izango zaizkien ikasleak, eta parte hartzera gonbidatuko dituzte. Horrez gain, herriko ikastetxeetan eskolatuta ez daudenek ere parte hartu ahal izango dute, betiere mailaketa-probaren baitan”.

Santuenea elkartea

Aipatu auzoko elkartetik aditzera emana zutenez, "irailean jarraipena emango zaie aeroyoga eta joskintza tailerrei. Ordutegiak iraileko lehen astean zehaztuko dira". Dagoeneko xehetasunok plazaratu ditu aipatu kultur elkarteak:
-Joskintza: ostiraletan, 17:00-19:00 artean. Aurkezpena irailaren 27an eta saioak urriaren 4an hasiko dira. Irakaslea: Mari Carmen (695774951).
-Aeroyoga: irailaren 16an hasiko dira saioak. Informazio gehiagorako: Leire (615715991).
Oharra: Santuenea Kultur Elkarteko bazkide ez denak ikasturteko 10 € ordaindu behar ditu ikastaro hauetakoren batean parte hartzeagatik, bazkide lagun moduan. Honek instalakuntzak erabiltzeko eskubidea emango dio eta ez du bestelako betebeharrik izango bazkide lagunak.

Etumeta AEK euskaltegia
Ikasturte berrirako matrikulatzeko epea zabaldu du Etumeta AEK euskaltegiak. Ohi bezala, euskara ikasteko maila guztiak, Mintzalagun, autoikaskuntza… eskaintza zabala aurten ere. Izena bideotatik eman ahalko da, argibide gehiago jasotzearekin batera:
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek


KzGunea
Hilabete amaierara arte, 09:00-13:00 artean zabalduko dute. Hemen datozen ikastaroen berri:
-Urriak 1-10, 18:00-20:00 "Kudeatu zaitez Google aplikazioekin".
-Urriak 11-24, 16:00-18:00 "Ofimatika tresnak-LibreOffice".
-Urriak 25-31, 16:00-18:00 "Mekanografia. Ikasi hutsetik".
Informazio gehiago:
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net

Sagarrondotik Sagardora

Bi ikastaro antolatu ditu irailerako Alkartasuna Usurbilgo baserritarren kooperatibak. Batetik, irailaren 21ean, larunbatez, 11:00etan kooperatiba atarian, etxeko sagar muztioa egiteko tailerra. Astebete geroago, hilaren 28an, 10:30-12:30 artean Aginagako Eliza Zaharra elkargunean, "etxeko sagardoa egiteko ikastaroa eta egurrezko ontzien erabilera sagardogintzan" saioa. Bertan, gainera, etxeko sagardoen dastaketa gidatua iragarri dute. Hitzordu hauetarako izena aurrez eman ahalko da, doan, Alkartasuna kooperatiban, 943 361 114 telefono zenbakian edo alkartasuna.eus web orrrian.

Orbeldi
Ikasturte berrirako ikastarook iragarri dituzte Usurbilgo dantza taldetik:

Helduak:
-Euskal Dantzak Oinarrizko Taldea: astelehenetan.
-Plaza Dantza Taldea: asteazkenetan.
-Euskal Dantza Taldea: asteartetan.

Haurrak:
LH1-2: astelehenetan edo asteazkenetan, 16:45-17:45. 
LH 3: ostiraletan, 16:45-17:45.
LH 4: asteartetan, 17:45-18:45.
LH 5: asteazkenetan, 17:45-18:45.
LH 6: asteazkenetan, 17:45-18:45.
DBH: ordutegia zehazteke.

Non: Oiardo kiroldegia.
Kuotak: Helduak 90€ / Haurrek 70€.
E-maila: orbeldi.udt@gmail.com
Izen-ematea (irailaren 15era arte): https://forms.gle/MN2C4qdimdjRKYHU8 edo Oiardo kiroldegian laster zehaztuko duten egunean.

Txalaparta Eskola
2024-25 ikasturtera begira, Jexux Artze Kultur Elkarteak antolaturiko ikastaroetan parte hartzeko izen-ematea zabaldu dute baita Txalaparta Eskolakoek. Bideotatik jaso ahalko dira argibide gehiago edota eman ahalko da izena: 695 716 878 / usurbiltxalaparta@gmail.com

Kantu Taldea
Udako etenaldiaren ostean, irailaren 28an itzuliko da Usurbilgo Euskal Kantu Taldea plazara, kantu-jiraren bidez. 12:00etan abiatuko dute bira Mikel Laboa plazatik. Aurrez, ordea, asteleheneroko entsegu saioak berreskuratuko dituzte, 18:00etan Agerialdeko musika gelan.

Einean elkartea
Ikastarook iragarri dituzte datozen hilabeteotarako, izen-ematea zabaltzearekin batera: 

Yoga
Zehaztasunak: luzaketak, arnasketak, lasaitzea...
Irakasleak: Katia (636 71 15 14) / Sebas (605 72 28 25).

Pintura
Zehaztasunak: olioa, akuarela, pastela...
Irakaslea: Susana (609 41 38 83).

Eskulanak
Zehaztasunak: teknika ugari ikasteko aukera, gauza politak sortzeko edo berritzeko.
Irakaslea: Susana (609 41 38 83).

Josteko tailerrak
Zehaztasunak: sormena eta joskintza.
Irakaslea: Ione (673 64 29 32).

Soinketa erritmikoa
Tximeleta taldeak Oiardo kiroldegian eskainiko dituen ikastaroetan matrikulatzeko aukera dute gaztetxoek, tximeleta.eus atarian edo 943 11 63 42 telefono zenbakira deituta. Ikastarook iragarri dituzte:
-HH5-LH2:  asteazkenetan, 16:45-18:15 artean.
-LH3-LH4: astearteetan, 16:45-18:15 artean.

Judo
Kirol talde honetan parte hartzen hasi nahi duenari begirako oharra plazaratu dute. Izan ere, irailaren 9tik aurrera, astelehen eta asteazkenetan, 17:00-18:00 artean, Oiardo kiroldegira sartzeko aldapan aurkituko dituzue bilgune horretako kideak argibideak eman nahiz kide berrien izen-emateak bideratzen. "Judotik gure kirolaren balio hezitzaileak bultzatu nahi ditugu. Izan ere, UNESCOk judoa izendatu zuen haurrentzako hasierako kirolik onena, gorputz-hezkuntza integrala ahalbidetzen baitu, trebetasun sozialak eta gainerako pertsonekiko harremanak garatzeko aukera emanez, adiskidetasuna, parte-hartzea, errespetua eta hobetzeko ahalegina sustatuz".

Testuinguru horretan iragarri dutenez, "pertsona guztiei prestakuntza berdina emateko eredu batekin lan egingo dugu, bai transmititutako balioetan, bai portaeretan, bai arauetan". Hala, besteak beste, helburuokin lan egiten dute: balio positiboak indartzea; indarkeriazko eta diskriminaziozko jarrerak eta portaerak zuzentzea; gurasoak sentsibilizatzea eta pentsamoldea aldatzearen alde inplikatzea, berdintasunezkoak edo indarkeriazkoak ez diren jokabideak atzematen diren kasuetan; judoa balioak transmititzeko tresna gisa nabarmentzea.

Oiardo kiroldegia
Irailaren 16ra arte zabalik izango da, 2024-25 ikasturterako kiroldegiko ikastaroetan izen-emateko epea. Zenbait berrikuntza iragarri dituzte. "Ohi bezala, aretoko zein uretako ikastaroak eskainiko dituzte, adinaren araberako taldeak osatuta. Baina, horrez gain, bi berrikuntza txertatu dituzte. Batetik, “+1” izendatutako ikastaroak: egun bakarrekoak dira, beste ikastaro bati gehitzeko aukerarekin, edo hori bakarrik egiteko. Bestetik, zenbait ikastaroren ordutegia moldatu dute, 07:10etan eta 15:00etan jarrita, lanarekin uztargarri izaten laguntzeko", Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez. 

Online egin beharko da tramite hau. "Izen-emateak eskainitako plaza kopurua gainditzen duen kasuetan, zozketa egingo da: behar izatekotan, irailaren 17an bertan egingo da", ohartarazi du Udalak. Honatx kiroldegitik iragarritako ikastaro eskaintzaren berri:

Aretoko jarduerak
-6-18 urte artekoentzat: zunba gazte (10-16 urte), zunba txiki (6-9 urte), eskalada (6-9 urte), eskalada (10-14 urte), eskalada (15-18 urte), konbinatua (igeriketa + spinning).
-16 urtetik gorakoentzat: spinning, pilates osasuna, hastapena eta hobekuntza, 3. adina, mantenu gimnasia, zunba, hit, hipopilates hipopresiboak, konbinatua (spinning + tonifikazioa), konbinatua (spinning + igeriketa), yoga, jarduera fisiko egokitua, eskalada, total training, erditze ondorengo ikastaroa.

Uretako jarduerak
-0-16 urte artekoentzat: haurtxoak (0-1 urte eta 2-3 urte), HH3, HH4, HH5, LH1, LH2, LH3, LH4-LH6, igeriketa gazte.
-16 urtetik gorakoentzat: haurdunak (pilates + ur jarduerak), aquagym, aquagym +1, hastapena, hobekuntza, errendimendua, konbinatua (aquagym + igeriketa), igeriketa +1.

Izen-ematea esteka honetan: https://forms.gle/riCq4fEeLrQxgWF96
Ikastaro eskaintzaren berri zehatzago, hemen: eskuorria

Lanbide Eskola
Ikasturte berria irailaren 4an hasi zuten arren, oraindik Lanbide Eskolan ikasten hasi nahi duenak honako ohar hau kontuan har dezake. Izan ere, plazarik gabe dagoenak, plaza hutsak ote dauden kontsultatu dezake eta halakorik badago, matrikulazioa bideratu ahalko du urriaren 18ra arte. "Jakin oraindik matrikulazio ez-ohiko aldia ere zabalik dela, beraz, norbaitek ziklo edo espezializazio bat hasteko interesa balu dei dezala ikastetxera hutsik dauden plazen inguruko informazioa lortzeko", ohartarazi dute Lanbide Eskolatik.

Zikloez gain, "berriro martxan ditugu Lanbide bidez eskaintzen ditugun langile eta langabetuei zuzenduriko ikastaroak ere. Ikastetxeko zein lanbideko web orrian aurkitu daiteke ikastaro zerrenda baita izen emateko aukera ere".

Informazio gehiago, bideotatik jaso daiteke:
943 364 600
lhusurbil.eus

Helduen Heziketa

Urtero, irailean ikasturtea hasi aurretik, matrikulatzeko aukera eskaintzen du 18 urtetik gorako herritarrei zuzenduriko doako Helduen Heziketak. Oinarrizko prestakuntza ematen dute; hizkuntzak, oinarrizko informatika, idazmena eta irakurmena, joko matematikoak, natur zientziak, geografia, historia edota historiari lotutako artea... Horrekin batera, DBH titulua eskuratzeko moduluak, gaztelania atzerritarrentzat. Baita kultur ekintzak ere, bidaia eta kultur irteerak. Edota etorkinentzako programa ere badute: euskara eta gaztelania irakasteko edota baita oinarrizko prestakuntza eskaintzeko ere. “Denok gaude ikasteko sasoian!”, gogorarazten dute. Matrikulaziorako hitzordua aurrez eskatu behar da. Informazio gehiagorako: 943 376 443/012734aa@hezkuntza.net. 

Eta gehiago...
Lerrootan batu ditugu, orain arte jasotako ikastaroei buruzko xehetasunak. Asteotan, deialdi gehiagoren berri izan ahala eskaintza hau eguneratzen joango gara web orrialde eta aldizkari bidez.