Herri ordezkaritza, Ernaik Donostian deitutako mobilizazioan

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 9a, 11:38

Igande honetan Ernaik Donostian deitutako mobilizazio jendetsuarekin bat egin zuen Usurbilgo gazteriak ere.

Iazko irailean, Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteen espetxeratzea salatzeko eginiko ekimenetan 133 kide identifikatu eta 290.500 euroko isunak heldu zitzaizkien guztira. "Ernairen jardun politikoa hipotekatzea helburu duen erasoa da hau", salatu du Ernaik. Testuinguru horretan, "gazte borroka geldiezina" dela aldarrikatu zuten, "bat eginez independentziara" aldarripean, igandean Donostian egindako mobilizazio jendetsuan.

Hainbat atxikimendu jaso zituen deialdiak, tartean, baita gazte usurbildarrena ere. Sare sozialen bidez jakinarazi zutenez, "aldarriz jantzi ditugu herriko hormak, autobus geltokiak eta tabernak hilabete hauetan. Agerraldiak, mural margoketak, planak, pankartak, zerrendak, kafeak. Usurbilen ere badago ameslarien belaunaldi berri bat, olatuan altxatuko dena igandean", iragarri zuten. Usurbildik Donostiara elkarrekin joateko deialdia egin eta ondoko taldea argazkia atera zuten mobilizazioan parte hartu aurretik.

Antolatzeagatik jazarriak
Usurbilen ekaina amaieran eginiko agerraldian herri mailako militanteek gogorarazi zutenez, "militantzia independentista betidanik izan da jazarria Euskal Herrian, batzuk aurkakoa sinestarazi nahi badigute ere kolpatuak, bestelako herri batekin amets egiteagatik eta horren alde borrokan egiteko egunero-egunero herri eta auzoetan antolatzeagatik". Oroitarazi zutenez, "jasotzen dugun kolpe bakoitza bide zuzenetik goazelaren erakusle da".