Desafioa

"Poteo garaian sortu zen gure desafioa egiteko ideia"

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 10a, 09:40

Oinatz Toledoren eta Beñat Bereziartuaren arteko desafioa jokatuko da larunbatean, irailaren 14an. 9:00etan hasita, Getaria-Zarautz artean igeri lehiatuko dira eta segidan 15 kilometro lasterka Aiatik Pagoetako gurutzeraino eta abiapuntura itzulera gero. NOAUA!ri azaldu dizkiote desafio honen nondik norakoak.

Nork jo dio nori erronka?
Oinatz Toledo: Gure kasuan, testuinguruak garrantzia berezia du egoera ulertzeko. Poteo garaian sortu zen gure desafioa egiteko ideia. Kuadrillako batek sortu zuen txispa eta ez genuen asko behar izan. Afari baten aurretik egiten den poteo horietako batek traizioa egin zigun. Halako apustuak normalean airean geratzen dira, ez dira aurrera eramaten. Txarrenean ere, apustua galduz gero behintzat egin izanaz poztuko gara eta kirol berri batean hilabete batzuk entrenatu izanaren plazeraz.
Beñat Bereziartua: Oinatz beti igerian ibili izan da eta ni beti korrika. Elkar askotan xaxatu izan dugu eta poteoan berotu egin ginen. Serio hartu dugu eta entrenatzen hasi ginen duela hilabete batzuk. Aukera ona izan da guretzat ezagutzen ez dugun kirol batean murgiltzeko. Kuadrillako hirugarren bat arduratu da apustu hau ezerezean gera ez zedin presioa jartzeaz. Askotan proposatu eta atera izan dira kuadrillan halako apustuak, baina ezerezean geratu dira. Gure kasuan, data bat jarri genuen eta forma eman genion ideiari ia momentuan bertan. Beraz, ez zaigu beste erremediorik geratu entrenatzen hastea baino. Hala, garrantzia hartu zuen desafioaren kontuak gure bizitzetan nahiz eta lagun arteko apustu bat baino ez den. Serio aritu gara entrenatzen.

Erronka pertsonala ere izango da zuena ez den kirol horretan horrenbeste lan egin beharra.
B.B: Neure kasuan, apustua egin nuenean ez nuen gehiegi pentsatu ondorioetan. Asko pentsatu gabe egindako apustua izan zen niretzat. Ni mendi-lasterketetan ibiltzen naiz eta korrika egitea eguneroko zerbait da niretzat. Igeri, berriz, umetan bai, baina ordutik igeri egin gabe nengoen. Igeri hasi nintzen momentuan konturatu nintzen zein zulotan sartu nintzen. Egoskorkeria eta entrenamenduen intentsitatearen ondorioz, asko hobetu dut eta distantzia hori egiteko adina prestatu naiz. Hala ere, Oinatz korrika gutxiago ibili da igeri ibiltzen delako eta kasua berbera da. Esfortzua egin behar izan du mendian korrika hasteko. Biontzat izan da kirol berri batean hastea, baina geurean ere jarraitu egin behar izan dugu. Orain, iritsiko gara iristen garen bezala. Oso kirol teknikoak dira biak.

Kuadrillan zer diote? Nor izango da garaile?
O.T: Apustuak Beñaten alde daude. Hori uste dut nik. Honaino nola iritsi garen ikusita eta entrenamenduei eskainitako garrantzia eta dedikazioari erreparatuta nik Beñat prestatuago ikusten dut.
B.B: Hori da berak uste duena, nik ez dut hori horrela ikusten. Nik jendearekin hitz egindakoaren arabera, azaletik begiratuta igeri egiten ikastea zailagoa izan daiteke ikuspuntu teknikotik. Korrika denok egin dugu txikitatik eta ez du horrenbesteko teknikarik eskatzen. Igeriketak zerbait gehiago eskatzen du eta jendeak hori badaki. Beraz, hori ikusita jendeak Oinatz du faboritotzat. Oso gogorra izango da, hori ziur. Kirol bat amaitu eta beste batekin hasi beharra dago, eta kontuan hartu behar da oso kirol ezberdina dela. Aldaketa hori gorputzarentzat arraro samarra da. Ez gaude ohituta, ez gara triatloiak egiten ibiltzen. Trantsizio hori gorputzarentzat oso gogorra da, biontzat izango da oso gogorra.
O.T: Pare bat proba egin ditugu bi kirolak jarraian entrenatuta eta emaitzetan antzematen da. Horrek ere badu bere xarma, bestela ez litzateke apustua izango. Ez dugu ezer jokatu ere, bazkaritxo bat, ez besterik. Sinbolikoa da eta kuadrilla elkartu eta bazkari eder bat egiteko aitzakia bikaina. Lagun giroko apustua da.

Eguraldiak ez badu laguntzen ere aurrera egingo duzue?
B.B: Ez, faktore asko hartu ditugu kontuan. Mendian euria ari badu ez du bereziki axola, ez bada ikaragarrizko ekaitza, txismistekin eta halakoekin. Itsasoan kontua oso bestelakoa da. Segurtasunari garrantzia handia eman diogu. Itsaso txarra izanez gero, atzeratu egingo genuke. Biok argi daukagu hori. Itsasoan piragua bana izango dugu alboan zerbait gertatzen bada ere, baita boia ere, eta mendian bizikletan doan laguna izango dugu alboan; bakoitzak bana. Ez gara joango ero-ero.

Bakoitzak bere kirolean lehiatzeko ohitura duzue?
B.B: Bai, nik mendi lasterketak egiten ditut. Kirol horretan neure burua mugaraino eraman izan dut. Hemen arazoa bigarren kirol hori sartzea da jarraian. Ikusi beharko da nola erantzuten digun gorputzak. Beti jarduten duzun kirolean badakizu non dauzkazun mugak eta ohituta zaude ia horraino iristen. Apustu honek horretan ere beste zerbait eskatzen du.
O.T: Bai, nik ere lehiaketetan parte hartzen dut. Hemen arazoa izango da lehen kirolean dena ematean neurtu beharra dago dena atera, zerbait geroko utzi edo erregulazio hori nola egin. Itsasotik ere nahiko zorabiatuta aterako gara olatuen ondorioz. Gorputza nahasi samar geratzen da. Ikusi behar da horri guztiari nola erantzun.
B.B: Bai, gorputzaren erantzuna giltzarri nagusia izango da. Itsasotik egoera horretan atera ondoren, 15 kilometro egin beharko ditugu korrika. Ez da herrian bueltaxka bat ematea, saio polita izango da. Gutxi gorabehera hiru bat orduko lana izango da, hortik gertu. Bukatu egingo dugu, ikusi beharko da nola.

Zuon kirol ibilbidea gaurdaino nolakoa izan da?
O.T: Nik lehen eskubaloia eta igeriketa egiten nituen. Biak uztartzen nituen gazteagoa nintzenean. Garai hartan ez nuen igeri gehiegi egiten, justukoa bizkarreko arazoei aurre egiteko. Bizkarreko arazoak izaten nituen eta igeri egitea nire terapia zen. Serioago eta trabesiak egiten joan zen urtean hasi nintzen. Pixkanaka kilometroak sartu eta lehiaketetan parte hartzen duela urtebete inguru hasi nintzen. Mendian, berriz, aurten; desafioa prestatzeko. Asfaltoan zerbait ibiltzen nintzen eta herrian antolatzen dituzten lasterketetan parte hartzen dut normalean, baina mendia ez nuen ezagutzen. Behobia-Donostia proban parte hartu nuen joan zen urtean eta asfaltoan hori prestatzeko hasi nintzen serioago entrenatzen.
B.B: Ni futbolean ibiltzeaz nazkatu nintzenean hasi nintzen mendian korrika. Beti gustatu izan zait mendia eta azken urteetan oso modan jarri den kirola denez, lasterketak egiten hasi nintzen. 10 edo 12 urte izango dira saltsa horretan sartuta nabilela. Serioago azken urteetan hasi naiz. Gazteagoa nintzenean parrandak ere pisua zuen nire bizitzan eta uztarketa hori ez zen horren erraza. Azken urteetan parranda gutxiago egiten dut eta horrek aukera eman dit mendian serioago ibiltzeko. Igeri, berriz, apustu hau atera ez balitz oraintxe bertan ez nuke igeri egiten jakingo. Otsaila edo apirilean, apustuaren kontuak forma hartu zuenean, igerilekuan sartu nintzen momentuan ez nintzen gai bi luze egiteko. Hor konturatu nintzen non sartu nintzen apustuari baiezkoa eman nionean. Entrenamenduen ondorioz, aldaketak segituan etorri dira eta, egia esan, hasierako beldur hori kendu zait. Errespetua diot igeri egiteari ez delako nire kirola, baina gorputzak badaki zer egin behar dudan.

Behin desafioa pasata kirol berri horretan jarraitzeko asmoa duzue?
O.T: Nik ziur aski ez dut jarraituko. Ez ez zaidalako gustatu, baizik eta belaunek asko sufritzen dutelako. Nik belaun batean ebakuntza izan nuen eta ez dut behartu nahi. Muskularki ez bazaude oso landuta eta prestatuta inpaktu handia da. Asfaltoan bai jarraituko dut, baina mendian ez gehiegi. Igeri jarraituko dut eta asfaltoan korrika. Mendian oso gustura nabil desafiorako prestatzen, baina ez da kirol onena belaunentzat.
B.B: Igeri entrenatzen hasi nintzenean ez nuen oso gustuko. Igeri egitea ez dut inoiz bereziki gustuko izan. Denborak aurrera egin ahala igerilekura joateari gustua hartzen ari naiz. Hala ere, gehiago kostatzen zait horretan jartzea korrika egitera joatea baino. Gustua hartu diot eta jarraitzeko asmoa daukat, baina ez oraingo intentsitate berarekin. Korrika eta bizikletan ibili ohi naiz eta aldaketa behar dudan momenturako aukera polita iruditzen zait igeri egitea. Lehen ezin nuen aldaketarako kirol modura erabili, baina orain badut aukera hori eta aprobetxatu nahi dut. Ez naiz ikusten triatloi bat egiten, momentuz behintzat, eta trabesia bat egiten ezta ere. Horretan ikusten dut igeriketa neure bizitzan epe laburrean.