Urriaren 26an

Usurbilen ospatuko da aurtengo Booktegi jaialdia ere

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 13a, 12:59

Euskarazko literatura guztion esku sarean jartzen duen Booktegi egitasmoari lotutako jaialdiak Usurbilen leku hartuko du hirugarren urtez, urriaren 26an.

Euskarazko literatura guztion esku sarean jartzen diharduen Booktegi egitasmoak bere urteroko jaialdia antolatuko du hirugarren urtez Usurbilen. Urriaren 26rako iragarri dute. Iazko edizioaren ildotik, solasaldi, errezitaldi, musika eta antzezpena tartekatuko dituzte egunean zehar, goiz partean Zumarte Musika Eskolan eta arratsalde partean, Sutegin antolatu dituzten ekitaldiekin.

"Poesia edukiko dugu aipagai, nobela edota antzerkia", anfitrioi lanak egingo dituen Itxaro Bordaren esanetan. Gai beraren inguruan ipuin bana idatzi duten hiruna idazle solasean jarriko ditu jaialdiak "elkarri irakurriz" saioetan. Tartetxo bat egingo dio, gainera, euskarazko sorkuntza sustatzen duen Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoari ere. Kontzertu eta antzezlan batez gozatzeko ere parada izango da. Batetik, Mikel Martinezen "Hamalau" izeneko bakarrizketa saioa programatu dute, bestetik, Habiak taldearen emanaldia.

Esther Sound Sister DJ.-ren giroturiko dantzaldiak borobilduko du jaialdia frontoian.

Herritarren parte hartzea
Iaz bezala, jaialdi honen parte izango dira ikus-entzuleak ere. Programaturiko ekitaldietan egoteaz gain, hitza hartzeko aukera izango dute. Goiz partean, gustuko poema bat hautatu eta beste batek hautatu duena irakurtzeko aukera izango da "poesia itzulera" saioan. Olerki errezitaldia eskainiko dute, bestalde, Udarregi ikastolako LH 5. mailako ikasleek arratsalde partean Sutegin.

Hauek datorren Booktegi jaialdiko zenbait xehetasun, segidan duzue osatu duten egitarauaren berri:

Booktegi Jaialdia
Urriak 26, larunbata
Anfitrioia: Itxaro Borda.
Zumarte Musika Eskolan:
10:30 Elkarri irakurriz (mailegua*): Maddi Ane Txoperena, Goizalde Landabaso eta Ainhoa Urien. Moderatzailea: Maitane Perez.
"Gai baten harira hiru idazlek ipuin bana idatziko dute. Ipuinak haien artean eta booktegi.eus webgunean partekatuko dituzte, elkar irakurri ondoren ipuinei buruz solasaldi ireki batean parte hartzeko. Beste hiru idazlek gauza bera egingo dute beste gai baten harira. Eta horrela, hariak hari, korapilatuz, elkar irakurriz, partekatuz, elkar solastuz arituko dira, bertaratu nahi duten guztiekin batera".
11:30 Poesia itzulera.
"Euskal poema bat aukeratu eta beste batek aukeratutakoa -edo zuk hautatutakoa- irakurriaz osatuko dugu itzulera. Eman izena Sutegi liburutegian eta zure poema biblioteka@usurbil.eus helbidera bidali".
12:30 Geuretik Sortuak.
"Udalbiltzak Geuretik Sortuak kontatzea eta geure historiak sortzea du helburu, euskaratik eta euskaraz, lau diziplina artistikoren bidez: komikigintza, literatura, antzerkigintza eta zinemagintza".
13:30 Elkarri irakurriz (Oparia*): Maialen Akizu, Oier Guillan eta Nerea Loiola. Moderatzailea: Maitane Perez.

Sutegin:
16:30 Poesia dramatizatua: Udarregi ikastola.
"Ikastolako LH 5. mailako ikasleek olerki errezitaldia eta ipuinen irakurketa egingo dute taldeka, narratzaile eta pertsonaia ezberdinen ahotsak dramatizatuz. Ahozko hizkuntza indartzea dugu helburu, landutako teknika eta baliabide ezberdinak ardatz hartuta".
17:30 "Hamalau" antzezlana: Mikel Martinez.
"Hamalaugarren solairua. Terraza bat. Gizon bat dago bertan. Notarioa da eta bezero baten zain dago. Hain zuzen ere, bezero horren buruhilketa edo suizidioa egiaztatzera joan da: Balkonig inbertso bat, tirabuzoi bikoitzaz, estilo Picadilly Circus; koxka txiki berri bat Suizidioen Historia Harrigarrian eta Internazional Suizidistaren fundaziorako ekitaldia. Suizida, baina, berandutzen ari da…".
18:00 Hitzak aurrekari: Ainhoa Urien, Oihana Iguaran, Iruri Altzerreka.
19:00 Kontzertua: Habiak Taldea.
"Hiru hari eta hiru ahots batera. Tradiziotik abiatuta sorkuntza berriak jotzen dituzte, eta taldearen musika entzutean mundua mugimenduan eta jendeen soinua hurbiletik sentitzen dugu. Kafira batean bagina bezala, amaren besoetan lokartzen ginelarik bezala. Egoera biziki berezi horretan gizadiaren barnatasunean murgiltzeko".
20:00 Dantzaldia frontoian: Esther Sound Sister DJ.

Informazio gehiago: booktegi.eus

Antolatzailea: Booktegi.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala, Antza, NOAUA! K.E.