Iñurriren "Hil Arte Bizi" dokumentala finantzatzen laguntzeko deia

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 11a, 12:14

Larunbateko egun solidario arrakastatsu eta hunkigarria antolaturiko Iñurri elkartea "Hil Arte Bizi" dokumentala egikaritzeko lanetan ari da. Horretarako, ordea, laguntza behar dute. Diru bilketa solidarioa abiarazi dute.

NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan aurreratu zigutena bideratzen ari dira. Iragan larunbatean antolatu zuten egun solidario arrakastatsu eta hunkigarriarekin batera, elkartearen egoitza izango dena irekitzeko prestaketa lanetan ari dira Usurbilen. Iñurri Elkarteari buruz ari gara. Minbiziaren akonpainamendu, formazio eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik diharduen bilguneak datorren urte hasieran ireki asmo duen guneaz gain, haien lelo nagusia izenburutzat daraman "Hil Arte Bizi" dokumental baten sorkuntza lanetan ari dira. "Sei kapituloz osatua dagoen dokumental honek gaixotasunaren inguruan ikuspegi berezi eta baliotsu bat eskaintzen du elkartearen azken urteetako ibilbidea duela ardatz". 

Abuztuan bost urte bete zituen Iñurri Elkarteak egitasmo honekin aurrera jarraitu ahal izateko laguntzarako deia egin du. Laguntza emateko diru bilketa solidarioari ekin diote. Ekarpenak helbide honetan egin daitezke; https://eu.goteo.org/project/hil-arte-bizi-vivir-hasta-morir atarian hain zuzen.

Bertan dituzue ikus-entzunezko lan honi buruzko xehetasun eta irudi gehiago; tartean da, albiste honi atxikia duzuen aurrerapen bideoa ere. Dokumental honetan, "elkar zaintza, saretzea, gaixotasunaren tabuak haustea, minbizia normalizatzea eta besarkatzearen garrantziaz hitz egiten da. Dokumentalarekin aurrera egiteko zure laguntza behar dugu, esker handiz jasoko genuke. Mila esker, hil arte biziz!".

Helburuak
Proiektuaren helburuen artean dira, Iñurri Elkartekoen esanetan, minbizira gerturatzea ikuspegi feminista batetik; minbizia duen pertsona bat nola tratatu behar den ikastea, gaixo direnenen bizipenak erakutsiz; heriotzari aurre egiteko modu berriak ezagutzea; gaixotasun hau jorratzeko unean gizartearen eta erakundeen gabeziak barneratzea; minbizidun euskal emakumeen borrokarekin hunkitzea; minbiziari aurre egiterakoan akonpainamenduak, zaintzak eta "tribuaren" zentzuak duen garrantziaz jabetzea; minbiziari lotutako edukiak kulturaren bidez plazaratzea edota gorputz ez normatiboen ezagutza hedatzea. Xuban Intxausti da dokumental honen zuzendaria. 

Intxaustik Iñurri elkartearekin lotura estua du. Laguntza bilketarako atarian irakurri ahal izan dugun moduan, bere arrebak izandako minbiziaren harira, elkarteak eginiko lanak motibatu zuen emakumeon ahotsa bilduko duen ikus-entzunezkoa sortzen hastera.