Uda osteko lehen solasaldia iragarri du Sutegi udal liburutegiak

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 11a, 08:02

Uda osteko lehenengo literatura solasaldia iragarri du Sutegi udal liburutegiak urriaren 23rako.

Aldiro antolatu ohi dituzten literatura solasaldien denboraldi berria abiaraztera doa Sutegi udal liburutegia. Lehen saioaren data finkatu dute; urriaren 23rako, asteazkenerako hain zuzen, arratsaldeko 19:00etan. Ahotan hartuko duten sorkuntza lana ere zehaztu dute zein izango den; Iban Zalduaren "A Escondidas" izango da. Sorkuntza lan horren egilea bera Sutegin izango dela aurreratu dute, gainera, antolatzaileek. Erdaraz bideratuko du saioa Ana Merino herrikideak. Sutegitik ohartarazi dutenez, "liburuaren zenbait ale eskuragarri ditugu etorri nahi duenarentzat".

Sinopsia
"Nola irudika dezake pertsona batek lokartzeko irakurtzen duela lokartzen saiatzen ari den beste baten imaginazioan dagoenean? Zer zorte izan dezake gudari talde batek Gerra Zibilean? Noiz irten zen bizirik Kafka bere heriotzetik? Zergatik egon liteke bizi oso baten gakoa zetazko harren kaxa batean? Zer gertatzen da norbere heriotza sare sozial batean planifikatzen denean?", hortxe liburu honen sinopsiko galderak. "Nostalgikoa, ironikoa, bikaina beti, Iban Zalduak edozein errealitate manipulatzen du gure begien aurrean ezkutatu arte", gaineratzen dute. Dena posible den fantasiazko fikzioan murgiltzeko aukera eskaintzen du liburu honek. Ohikoa ohiz kanpoko ikuspegitik behatzea ahalbidetzen du, "agian bizitza ikusten dugun moduan, ezkutuka".

Sutegi udal liburutegia
Gogoan izan, bestalde, ohiko ordutegian zabaltzen hasiak direla Sutegi udal liburutegia; goizez, 10:00-13:00 artean eta arratsaldez, 16:00-19:30 artean. Informazio gehiago: biblioteka@usurbil.eus/ 943 360 693 / Irazu, 14 / 688 625 477 (whatsapp zerbitzua).