Baxurde Krosik ez aurten

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 12a, 13:03

2008az geroztik Usurbilek izan duen lasterketa herrikoi hau ez da izango aurten, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Hamabosgarrenik ez da izango, ez behintzat aurten, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Izan ere, iraila heltzearekin batera, lasterkarien bilgunean bilakatu izan da urte luzez Usurbil, Baxurde Krosari esker. Hala izan da, 2008. urtetik. Soilik covid19ak eragindako osasun krisialdiak etenarazi zuen herri lasterketa hau bi urtez, 2020 eta 2021 urteetan. 2022an itzuli zen, ohi baino hilabete geroago, urrian. Iaz, irailaren 17an ospatu zen azkenekoz. Hamalaugarren edizio huraxe izango da, momentuz azkenekoa.

Izan ere, Baxurde Txiki Usurbilgo Triatloi Taldetik aditzera eman dutenez, aurten ez da Baxurde Krosik izango. Antolatzaileen esanetan, ezin izan dute behar beste laguntza bildu proba honen hamabosgarren edizio hau bideratzeko. Horrekin batera, NOAUA!ri aipatu diotenez, parte hartzaile kopurua nabarmen murriztu da azken edizio hauetan. Gogorarazi dutenez, edizio jendetsuenean 450 lasterkari erakartzera heldu ziren, iaz ehunera ere ez zen heldu parte hartzaile kopurua; haietatik, gainera 24 baino ez ziren izan herrikideak, 8 emakume eta 16 gizonezko. Gaineratu dutenez, orohar lasterketa hauek ere ez dute garai bateko babesa gaur egun.

Auzolanari esker
Testuinguru honetan, aipatu moduan, aurtengoz Baxurde Krosa ez antolatzea erabaki dute. Egutegiari begiratuz gero, igande honetan, irailaren 15ean jokatuko zen hamabosgarren edizioa, aurreko urteetako ohiturari eutsiz gero. Aipatu moduan, ordea, ez da kros herrikoi hau ospatuko.

Baxurde Txiki Triatloi Taldekoen hitzordu honek Usurbilgo herri eta auzo hainbat lotu izan ditu proba honen bueltan; urtez urte, hainbat partaideek zeharkatu ahal izan dituzten Kaxko inguruko bideak landa eremukoekin. Horrez gain, eskuzabalik hartu izan dute parte hartzaileek antolakuntzaren eskutik jasotako sari, oroigarri eta zozketa bidezko oparien eskaintza zabala, herriko hainbat saltoki, norbanako eta eragileen bidez eskuraturikoak.

Belaunaldiartekotasuna ere sustatu izan du Baxurde Krosak. Alde batetik, distantzia ezberdinetako helduen bi lasterketa antolatu izan dituzte; baita belaunaldi gazteenari, haur eta gaztetxoei zuzenduriko lasterketak ere. Batzuekin zein besteekin giro ederra sustatu izan du proba herrikoi honek urtero uda amaieran. Guztia, noski, auzolanean jardun duen herritar talde eskuzabalari esker.

Baxurde Krosa momentuz etenda, oraingoz, aldaketarik ezean, beste bi proba herrikoi geratuko dira Usurbilgo kirol hitzorduen egutegian; batetik, urtarrileko azken igandean egin ohi den Irisasi BTT Hotzak Akabatzen, eta, bestetik, ekaina erdialdera antolatu ohi duten Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioa.