Emakumeon Etxea

Aholkularitza juridiko eta psikosoziala etzi eta Jabetza Eskolako ikastaroetarako izen-ematea zabalik

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 16a, 08:27

Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Emakumeon Etxeko zerbitzu horretarako hitzordua aurrez eskatu beharko da.

"Aholku eta orientabide juridikoa eskaintzen dira ikuspegi feministatik", ohartarazi dute Usurbilgo Emakumeon Etxetik. Kalezarko Pelaioenean kokatua duten egoitzan hilero eskaintzen diete behar duten emakumeei aholkularitza juridiko eta psikosoziala. Datorren hitzordua asteazkenerako, irailaren 18rako finkatu dute. Zerbitzu hau baliatu nahi duenak aurrez eskatu beharko du hitzordua.

Irailak 18, asteazkena
Aholkularitza juridikoa eta psikosoziala Kalezarko Pelaioeneako Usurbilgo Emakumeon Etxean.
Zehaztasunak: "Zerbitzu honen bidez gai konplexuei buruzko informazio juridikoa eskaintzen dugu: banaketa, dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, mantenu pentsioen ordainketa ezak, bisita erregimenen ez betetzeak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, etxeko langile zein gainontzeko langile emakumezkoen kaleratzeak, diskriminazioa, eskubideei buruzko informazioa, laguntza sozialak eta bestelako kontsultak".
Zerbitzua noiz eskaintzen den: hilabetean behin asteazkenetan. Datozen zerbitzu egunak; irailak 18 (15:00-18:00 artean).
Hitzordua eskatzeko:
emakumeonetxea@usurbil.eus
943 377 112
Belmonte kalea, 8

Antolatzailea: Usurbilgo Emakumeon Etxea.


Jabetza Eskola
Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Emakumeon Etxetik Jabetza Eskolako datozen hilabeteotarako eskaintza plazaratu dute. Bi ikastaro antolatu dituzte. Izen-ematea gaurtik zabalik dute:
-Zoru pelbikoa lantzeko ikastaroa: urriaren 3tik abenduaren 19ra (ostegunetan), 17:00-19:00 artean. Eneritz Gallastegik zuzenduriko ikastaroa elebiduna izango da. "“Emakumeok, bizitzan zehar, gure zoru pelbikoan eta gure ongizatean eragina duten hainbat egoera bizi ditugu: erditzea, hormona gorabeherak, lanean jardutea, kirola praktikatzea... Garrantzitsua da gune horretako muskulazioa prestatzea. Ikastaro honek osasunarentzat hain garrantzitsua den arlo hau sentitzen, ulertzen eta hobetzen lagunduko digu”.
-Biodantza: urriaren 1etik urtarrilaren 28ra (astearteetan), 15:30-17:00 artean. Euskaraz bideratuko ditu saioak Eider Zuriarrainek. “Biodantza musika, mugimendua eta emozioa uztartzen dituen jakintza bat da. Modu honetan, bakoitzak bere pentsamendu, sentimendu eta ekintzen kontzientzia hartzen du. Tratu onak ematen dira norberarentzat, besteentzat eta inguruan ere. Besteekiko enpatia garatzen da, eta afektuan oinarritutako harremanak sortzen dira. Autoestimua hobetzen da, eta maitatzeko gaitasuna handitzen laguntzen du. Adin guztietako emakumeei zuzendua dago, eta ez da aurretik dantza egiteko esperientziarik behar”.

Ikastaro hauetan izena emateko aukera izango da irailaren 16tik 27ra Emakumeon Etxean bertan edo bideotatik: 943 377 112 telefono zenbakian edo emakumeonetxea@usurbil.eus helbidean.