Elektrikari laguntzaile lanposturako Udalaren lan-poltsa deialdian parte hartzeko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 16a, 08:35

Elektrikari laguntzaile lanposturako lan-poltsa deialdian irailaren 19ra arteko epealdia finkatua du Udalak izena emateko.

Usurbilgo Udalak berriz ireki zuen abuztu hasieran plazaraturiko lan deialdi batean izena emateko epea. Izan ere, abuztuaren 5eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez "C2 mailako operario laguntzaile (elektrikari laguntzailea) poltsa bat oposizio sistema bidez sortzeko" deialdiaren oinarriak kaleratu zituen Udalak. Baina zenbait akats antzeman dituzte. Horiek zuzendu eta deialdi horretan berriz izena emateko epealdia zabaltzea erabaki zuten berriki.

Hala, irailaren 5eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez argitaratu zituen akats hauen zuzenketak. Horrekin batera, bertan izena emateko epealdi berri bat finkatu zuen Udalak irailaren 6tik 19ra. "Lehenengo epealdian izena eman zutenek ez dute berriz egin beharko", argitu dute Udaletik.

Bigarren izen-emate epealdia igaro ostean, "onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko du udalak. Epaimahaia osatu eta horren berri ere emango du".

Zati teorikoa eta praktikoa
Lanpostu horretako zeregina udal elektrikariari laguntzea izango da, besteak beste, zereginotan: udal instalazio elektrikoen mantenuan edota udalak behar dituen azpiegitura elektrikoen prestakuntzan. Hautagaiek, besteak beste 16 urte beteak izan beharko dituzte, B gidabaimena edota 1. hizkuntz eskakizunari dagozkion euskara-ezagupenak frogatzen dituen agiria baita. "Lan poltsan sartzeko probak parte teorikoa zein praktikoa izango ditu: epaimahaiak zehaztu behar du egun berean izango diren ala ez, eta noiz izango diren".