"Usurbil, goazen kalera!"

Ibilaldi osasuntsuak abian asteartetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 16a, 06:46

Udako etenaldiaren ostean, bueltan dator "Usurbil, goazen kalera" dinamika. Astearte honetarako, irailaren 17rako iragarri du Udaletik uda osteko lehen ibilaldi osasuntsua. Herritar orok parte hartu ahalko du.

Oinetako eta arropa erosoak jantzi eta tipi-tapa herrikide gehiagorekin asteroko osteratxoa emateko aukera izango da berriz, datorren asteartetik aurrera. Izan ere, udako etenaldiaren ostean, bihar, irailaren 17an jarriko du Udalak eragile gehiagorekin sustaturiko "Usurbil, goazen kalera" dinamika berriz martxan. Udaberrian eskaintza hau indarberritu ostean egin bezala, astearte goizero, Usurbilgo herri eta auzoetan paseotxo osasuntsuetan parte hartzeko aukera izango du edonork, herritar orok bat egin dezake eta ekimen honekin.

Antolatzaileek momentuz, abendura arteko ibilaldi osasuntsuen egutegia aurkeztu dute. Astearte goizero egingo dira, 10:30-12:00 artean. Estreinakoa, irailaren 17koa, Usurbilgo erdigunean bertan; aurrerago, baita Santuenean, Zubietan edota Aginagan ere. Txandakatuz, zonalde ezberdinetan egingo dituzte ibilaldi hauek; beti, tokian tokiko frontoian hasi eta amaituko dira. Paseo bakoitzaren bukaeran, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek sukaldaturiko hamaiketako ederra dastatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Elkar zaintza eta komunitatea eraikitzea
Izan ere, lankidetzan bideratzen da egitasmo hau, Udalarekin batera tokian tokiko ikastetxe eta jubilatu elkarteen eskutik. Jatekoa, aipatu moduan, Atallun kokaturiko ikastetxeko kideek prestatzen dute. Belaunaldiartekotasuna sustatzen du ekimenak; ikastetxeetako gazteak eta helduak batzen ditu eta asteroko hitzordu honek. Baina antolatzaileek nabarmendu bezala, herritar orori zuzendurikoa da eskaintza hau. Edonork parte har dezake, aurrez izena eman beharrik izan gabe.

Gainera, noizean behin, astearteroko paseoak ekintza bereziekin tartekatzen dituzte. "Ariketa fisikoa egitea bultzatzeaz gain, beste bi helburu nagusi ditu ekimenak. Batetik, belaunaldi artekotasunean sakontzea. Horretarako, jubilatuen elkarteek eta ikastetxeek elkarlanean antolatzen dituzte saioak, udalaren laguntzarekin: Gure Pakeak, Arratek, Gure Elkarteak, Aginagako eta Zubietako eskola txikiek eta Udarregi ikastolak. Bestetik, elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzea ere badu helburu, komunitate izaera sustatzearekin batera", sustatzaileen esanetan.


"Usurbil, goazen kalera"
Noiz: asteartero.
Ordutegia: 10:30-12:00.
Tokia: hasiera eta amaiera beti Usurbilgo herri edota auzoetako frontoietan.
Ibilaldi osasuntsuen egutegia:
-Irailak 17: Usurbilgo kaxkoan.
-Irailak 24: Aginagan.
-Urriak 1: Usurbilgo kaxkoan.
-Urriak 8: Santuenean.
-Urriak 15: Usurbilgo kaxkoan.
-Urriak 22: Zubietan.
-Urriak 29: Usurbilgo kaxkoan (ekintza berezia).
-Azaroak 5: Aginagan.
-Azaroak 12: Usurbilgo kaxkoan.
-Azaroak 19: Santuenean.
-Azaroak 26: Usurbilgo kaxkoan (ekintza berezia).
-Abenduak 10: Usurbilgo kaxkoan.
-Abenduak 17: Zubietan.
Elkarlanean: Usurbilgo Udala; Oinarrizko Lanbide Heziketa; Gure Pakea, Gure Elkartea eta Arrate jubilatu elkarteak; eta Zubieta nahiz Aginagako eskolak eta Udarregi ikastola.