Haur minbiziaren sentsibilizazio hilabetearekin bat egin du Udalak

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 18a, 11:36

"Urrezko Begiztaren Indarra" kanpainarekin bat egin du Usurbilgo Udalak. Aspanogi elkartekoen pankarta eseki dute udaletxeko balkoian.

Iraila, besteak beste, haur minbiziaz sentsibilizatzeko hilabetea izaten ari da. Gipuzkoako haur minbizidunen familiak elkartzen dituen Aspanogi elkartea sustatzen ari den kanpaina horrekin bat egin du Usurbilgo Udalak. Udaletxe atarira joan eta balkoira begiratzen baduzue, aipatu elkartearen pankarta bat esekia ikusiko duzue xingola hori batekin. Modu horretan adierazi dio atxikimendua Udalak "Urrezko Begiztaren Indarra" izeneko kanpainari. "Gipuzkoan minbizia duten adin atxikikoen familien elkartea da Aspanogi eta haur minbiziaren elkartasun hilabetea da iraila. Aste honetan, urrezko begiztadun pankarta udaletxeko balkoian izango da", udal iturriek aditzera eman dutenez.

Aspanogiren zeregin nagusietakoa, minbizia duten adingabeen eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea da, haiei arreta integrala eskaintzearekin batera. Gaixotasunaren diagnosian eta garapenean sortutako oztopoak kentzen ahalegintzen dira, haurren minbiziari lotutako ikerketa sustatzeaz gain.

Aipatu irabazi asmorik gabeko elkartetik gogorarazi dutenez, "haur eta nerabeen minbizia da hauen bigarren heriotz arrazoia, istripu eta intoxikazioen atzetik. Hala eta guztiz ere, adingabeen minbizia oso ezezaguna da gizartearen zati handi batentzat. Federaziotik gaixotasun hau datuen eta informazioaren bidez ikusarazi nahi dugu".

Informazio gehiago aspanogi.org atarian jaso dezakezue.