Uda osteko lehen bilkura iragarri du Aniztasun Kontseiluak ostegun honetan, irailaren 19an, arratsaldeko 18:00etan, Kalezarko Pelaioenean. "Azken hilabeteetan egindako lanak baloratu eta hurrengo urratsez hitz egingo dute bileran", iragarri dute deitzaileek.
Gogoan izan, orain arte "harrera zerbitzua martxan jartzea, ongi etorri gida berritzea eta mentoretza sozialerako HarEman programa abiatzea izan dira Aniztasun Kontseiluak bultzatutako lan nagusiak. Etorri berrientzako euskara hastapen ikastaroa ere antolatzen du udalak, doan, herriko bizitzan txertatzeko lagungarri izan daitekeelakoan. Guztiei eutsiko diete, eta hurrengo hilabeteetarako proposamen berriak ere landuko dituzte". Tartean, gogoan izan baita azaroarekin batera ospatu ohi dela Mundualdia. Usurbilgo jatorri aniztasuna plazaratzen duen hitzorduaz ere jardungo dute datorren Aniztasun Kontseiluaren bilkuran.
Kontseilu honen bilkurak irekiak direnez, "jatorri aniztasunean eta elkarbizitzan sakontzeko interesa duen edonork parte har dezake" hitzordu horietan. Herriko hainbat eragile batzen ditu bilguneak, norbanakoez eta udal ordezkariez gain.