Hurbilago

Ehun euroko bost sari jokoan, Hurbilagoren kanpaina gozoenean

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 23a, 14:37

Hurbilago elkartearen dendetan xahutzeko 100 euroko bost bale herritarron eskura jarri dituzte jada. Adi, saltoki horietan erosketak egitearen truke jasoko dugun bonboiari.

Inoizko kanpainarik gozoena aurkeztu du Hurbilago elkarteak. Izan ere, bonboi forma eta zaporea du. Aipatu herriko merkatarien elkarteak abiarazitako ekimeneko kartelean ageri den bonboia dastatzearekin batera, hori gutxi ez, eta 100 euro eskura ditzakegu. Horretarako, adi begiratu beharko diogu jaki goxo honen itxurari. Izan ere, bonboiaren kolorearen baitan jasoko dugu aipatu saria. Urre kolorekoa bada, ehun euro eskuratuko dituzu.

Horretarako, ordea, ezinbestekoa izango da herrian bertan erostea, Hurbilago elkarteak dituen saltokietan. Izan ere hori da helburu nagusia; bonboien amuarekin, usurbildarrek herrian bertan bizitzeaz gain, inora joan gabe bertan erostea.

Urrezko bost
Denda hauetako batean erosketak egitearen truke saltzaileak bonboi eder bat emango dizu dastatzeko. Bonboia urre kolorekoa bada, Hurbilago elkarteko dendetan xahutzeko 100 euroko erosketa balea jasoko duzu. Aste hasiera honetan, Potxoenean egindako bilkuraren amaieran, kanpaina honen sustatzaileek ateratako talde argazkia duzue albiste honi atxikitakoa. Hurbilagotik bi datu nabarmendu dizkigute; 10.000 bonboi jarriko dituztela herriko dendetan "zirkulazioan". Baina kopuru itzel horretatik bost baino ez dira izango "urrezkoak". Alegia, bost bonboik ahalbidetuko digute 100 euroko erosketa-balea eskuratzea. Urrezkoa egokitzen bazaizu, hona hemen Hurbilagokoen oharra. "Ez jan bonboia, gorde eta dendan erakutsi zure txekea jaso ahal izateko".

Urrezko Bonboien kanpainan parte hartu duten merkatariak honako hauek dira: Aizpurua okindegia, Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba, Ane Ile-Apaindegia, Artzabal Baserria-Jatetxea, Arruti Harategia, Bordatxo Taberna, Enar Estetika, Esnaola Janari-Denda, Guria Taberna, Intza Ile-Apaindegia, Iratze Natur Denda, Itziar Eraikuntzak, Laukote, Laurok Liburu-Denda, Lizardi Liburu-Denda, Lurda Mertzeria, N.I Ile-Apaindegia, Opilgoxo, Otar-Goxo, Txapeldun Jatetxea, Txirristra Taberna eta Usurbil Optika.

Ekin, beraz, dastaketa gozoari. Erosketa gozo on guztioi.